Gizartea -
Operazioa
13 atxilotu Araban eta Nafarroan, etorkinei bizileku-baimenak saltzeagatik
Operazioan desegindako taldeak bizileku-baimena ematen zien etorkinei, 3.000 euroren truke. Estatuan, guztira, 29 pertsona atxilotu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etorkinei 3.000 euroren truke bizileku-baimenak ematen zizkien talde bat desegin du Polizia Nazionalak, eta guztira 29 lagun atxilotu ditu; horietako bi Araban, eta hamaika Nafarroan.
Polizia iturriek emandako informazioaren arabera, Alacanten abiatu zuten ikerketa duela hilabete batzuk, ustez Monforte del Cid udalerrian bizi ziren hainbat arabiarrek bizileku txartelak "ilegalki" lortu zituztela jakin zutelako.
Alacanteko atzerritarren bulegoan erroldatze ziurtagiria aurkeztu zuten etorkin horiek, baina agiri horretan agertzen zen bizilekua existitzen ez zela ikusi zuten, orduan.
Eskaeretako batzuk aztertu ostean, ikertzaileek ondorioztatu zuten erroldatze ziurtagiriak errolda data baino beranduago egin zituztela. Daten arteko gorabeheragatik erabaki zuten, beraz, ikerketa abiatzea.
Erroldatze agiriak, baina, originalak ziren. Horregatik, Monforte del Cideko Udalari alta agiriak eskatu zizkioten.
Hain zuzen ere, orduantxe jakin zuten ez zela dokumenturik existitzen, eta ustezko iruzur horren atzean nor zegoen ikertzera jo zuten.
Errolda datuak aztertu ondoren, 63 lagun “ilegalki” erroldatu zituztela baieztatu zuten. Hilabete batzuk geroago, 29 pertsona atxilotu dituzte.