Gizartea -
EPAIKETA
Zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra, Carcarren beste bat hil zuen adinekoarentzat
Aldeek zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra adostu dute Julian Estornel Solerrentzat (74 urte), 2017ko abenduan Carcarreko adinekoen egoitzan kide bat hiltzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroan, Carcarreko zaharren egoitzan kide bat hil zuen adinekoari zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri diote, alde guztiak akordio batera heldu ostean. Inguruabar salbuesle ez-osoa aitortu diote hiltzaileari, buru nahasmendua tarteko.
Hasieran, 20 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen akusazio partikularrak hilketa egotzita eta Ministerio Publikoak, ostera, absoluzioa. Dena dela, azkenean aldeak ados jarri dira Julian Estornel Soler gizonari (74 urte) zazpi urte eta erdiko kartzelaldia ezartzeko, 2017ko abenduan kidea sastakatu eta hiltzeagatik.
Antonio Pueyo Remancha (80 urte) erasoa gertatu eta hilabetera hil zen, arma zuriz aurpegian eta lepoan egindako zaurien ondorioz.
Aldeek hitzartutako testuaren arabera, akusatuak "eldarniozko ideiak" zituen.
Idatzian irakur daitekeenez, kondenatua 2012tik bizi zen adinekoen egoitzan eta biktima gurpildun aulkian zegoen. 2017ko urriaz geroztik, biktima gainerako egoiliarrei bera lapurra zela esaten ari zela uste zuen akusatuak. Biktimak horren berri eman zion behin baino gehiagotan zentroari. Zuzendaritzak hiruko elkarrizketa bat hitzartu zuen. Bilera hartan biktimak akusazioak ukatu zituen, baina beste aldeak ez zion esandakoa sinetsi.
Gauzak horrela, 2017ko abenduaren 18an auzipetua biktimaren logelara joan zen eta hainbat sastada eman zizkion lepoan, aurpegian, buruan eta eskuan. Biktima ospitalean hil zen urtarrilaren 27an.
Gaur goizean, Nafarroako Probintzia Auzitegiko Lehen Sekzioko Esther Erice magistratuaren aurrean, akusatuak hilketa onartu du eta ezarritako zigorrarekin konforme agertu da.