Gizartea -

Hezkuntza

Batxilergoko 2019-2020 ikasturterako aurrematrikula epea, zabalik

Haurreskolak Partzuergoak ere maiatzaren 2an irekiko du izena eman eta plaza eskatzeko epea.

2018-2019 ikasturte honetan 30.425 ikasle ari dira Batxilergoa ikasten EAEn. Argazkia: Pixabay.com
Nerabeak salto egiten
2018-2019 ikasturte honetan 30.425 ikasle ari dira Batxilergoa ikasten EAEn. Argazkia: Pixabay.com

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak gaur irekiko du Batxilergoan 2019-2020 ikasturterako eskabideak aurkezteko epea, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikastetxe publiko nahiz itunpekoetan.

Hezkuntza Sailak agiri batean jakinarazi duenez, izena emateko bi bide izango dira, ohi bezala: on line edo ikastetxeetan bertan.

Izen-ematea Internet bidez on line egin nahi dutenek, maiatzaren 2tik 13r arte izango dute, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa eskaneatuta atxiki beharko dute prozesu horretan bertan.

Aurrematrikula ikastetxeetan bertan egiteko berriz, maiatzaren 2tik 14ra arte egongo da epea zabalik.

2019-2020 ikasturtean Batxilergoa ikasteko aukera eskaintzen duten 204 ikastetxe publiko nahiz pribatu izango dira Euskal Autonomia Erkidegoan, ondorengo hiru modalitate hauetako bat ikasteko: Zientziak, Giza eta Gizarte Zientziak edo Artea. 2018-2019 ikasturte honetan, 30.425 ikasle ari dira Batxilergoa ikasten EAEn.

Izena emateko epea amaituta, ekainaren 4an onartuen eta ez onartuen behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Ekainaren 4tik 11ra, berriz, behin-behineko zerrendei erreklamazioak egiteko epea zabalduko dute, eta ekainaren 18an onartuen eta ez onartuen behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte. Azkenik, ekainaren 19tik uztailaren 5era matrikula egiteko epea zabalduko dute.

Haurreskolak Partzuergoaren eskoletan

Haurreskolak Partzuergoak ere gaur irekiko du izena eman eta plaza eskatzeko epea. Beraz, 2018an eta 2019an jaiotako haurren guraso edo tutoreek maiatzaren 2tik 10era izango dute Partzuergoko eskoletan plaza eskatzeko.

Izena emateko epe hau Partzuergoko zentroren batean lehen aldiz irailean, urrian edo azaroan sartu nahi duten haurrentzat irekiko da.

Plaza bat eskatu nahi duten familiek honako egutegi hau hartu beharko dute aintzat:

· Maiatzaren 2tik 10era, eskariak entregatzea; ekainaren 14an, behin-behineko zerrenden argitaratzea; ekainaren 17tik 28ra, behin-behineko zerrendei erreklamazioak aurkeztea; uztailaren 12an, behin betiko zerrendak argitaratzea; irailak 5, umeak haur-eskolan hasteko eguna.

· 2019ko urtarriletik aurrera, Haurreskolak Partzuergoko eskolek ematen duten zerbitzua doakoa da urtean 18.000 eurotik beherako errenta duten familientzat. Era berean, zerbitzu hori doan dute Partzuergoko haur-eskoletan aldi berean matrikulatuta dauden bigarren neba-arrebek eta ondorengoek ere.

Maiatzean irekitzen duen epe horrez gain, Haurreskolak Partzuergoak urtean zehar beste bi izen-emate aldi ere zabaltzen ditu: urrian bata (abenduan, urtarrilean edo otsailean lehen aldiz sartuko diren umeentzat), eta urtarrilean bestea (martxoan, apirilean, maiatzean edo ekainean lehen aldiz sartu nahi dutenentzat).

Haur-eskola berriak

Haurreskolak Partzuergoak 8.530 plaza eskainiko ditu 2019ko irailean 0-2 urteko etaparako, Euskadi osoko 178 udalerritan dauden 236 haur-eskoletan. Hurrengo ikasturtean zehar, gainera, Bilbon eta Gueñesen haur-eskola berriak irekitzea aurreikusten du Partzuergoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak