Gizartea -

SEXU ERASOA

80 urteko kartzela-zigorra eskatu dute Bilbon neska bat bortxatu zuten 3 gizonentzat

2017ko urtarrilean, 18 urteko neska bat bortxatu zuten ustez horietako bik eta telefonoarekin grabatu eta zabaldu zuen hirugarrenak. Asteartean hasiko da euren aurkako epaiketa Bizkaiko Auzitegian.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astearte honetan hasiko da Bizkaiko Auzitegian, 2017ko urtarrilean Bilbon 18 urteko neska bat bortxatzea eta bortxaketa grabatzea leporatzen zaien hiru gazteren kontrako epaiketa. Fiskaltzak 80 urteko kartzela-zigorra eskatuko du eurentzat.

Akusazio partikularrak, berriz, 100 urte baino gehiagoko eskaria egingo du, Correo egunkariak jakitera eman duenez.

20 urteko bi mutil eta 28 urteko beste bat epaituko dituzte, ateak itxita egingo den epaiketan. Kartzelan daude une honetan hiru akusatuak, epaiketa zain.

2017ko urtarrilaren 14ean gertatu zen erasoa, Solokoetxeko "vending" toki batean. Hango kameretan grabatuta geratu zen erasoa, eta horri esker atxilotu zituzten hiru pertsona horiek, hilabete beranduago.

Fiskaltzaren zein akusazio partikularraren arabera, diskoteka batetik irten ondoren vending tokira joan ziren akusatuak eta biktima. Han, inguratu eta bortxatu egin zuten neska, alkoholaren ondorioz bere buruaren jabe ez zela jakin arren.

Akusatu bakoitza beste bien delituen konplize edo koegile ere jotzen ditu fiskaltzak, eta horri biktimaren babesgabetasuna gehituta, 26 urteko kartzela-zigorra eskatzen du bi gizonentzat eta 27 urteko zigorra hirugarrenarentzat. Gainera, hiruen artean biktimari 15.000 euroko kalte-ordaina emateko eskatzen  du.

Akusazio partikularrak, berriz, 38 eta 39 urteko kartzela-zigorrak eskatzen ditu bi akusaturentzat eta 29 hirugarrenarentzat.

Erasoaz gain, sekretuak argitara ematea ere leporatzen diote akusatuetako bati, erasoa bideoan grabatu eta whatsappez kontaktu bati pasatzeagatik.

Biktimak salaketa jarri eta hurrengo hilean atxilotu zituzten hiru gazteak. 2017ko udan aske geratu ziren baina epaiketa hurbiltzen ari zela eta, Auzitegiak berriz ere espetxeratzeko eskatu zuen, ihe egiteko arriskua zutela ikusita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa