Gizartea -

Natura

Milioi bat espezie desagertzeko arriskuan daude munduan

150 adituk egindako txostenaren arabera, espezie horien desagertzeak ondorio larriak izango lituzke gizakiongan. Esparru honetan inoiz egindako ikerketarik zehatzena da.

Kutako hondartza (Bali, Indonesia), zaborrez beteta. Argazkia: EFE
Kutako hondartza (Bali, Indonesia), zaborrez beteta.
Kutako hondartza (Bali, Indonesia), zaborrez beteta. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Naturaren degradazioa inoiz baino azkarrago ematen ari da. Milioi bat espezie desagertzeko arriskuan daude eta horrek ondorio larriak izango lituzke gizakiongan.

Hala dio Biodibertsitateari eta Ekosistema Zerbitzuei buruzko Gobernuen arteko Zientzia eta Politikaren plataformak egindako azken txostenak. Joan den astean bildu ziren Parisen eta gaur ezagutarazi dituzte dokumentuaren xehetasunak.

Esparru honetan inoiz egin den ikerketarik zehatzena da. 50 herrialdetako 150 adituk hartu dute parte eta beste 310 autoreren laguntza izan dute. Hiru urtez aritu dira lanean eta azken 50 urteotan eman diren aldaketak aztertu dituzte.

Aditu horien arabera, ez da beranduegi eta egoerari buelta emateko aukera egon badago, "baina soilik aldaketak berehala eta maila guztietan egiten badira", azpimarratu du Robert Watson aipatu plataformako presidenteak ohar batean.

Txostenak dio milioi bat animalia eta landare espezie desagertzeko arriskuan daudela eta biodibertsitatea inoiz baino azkarrago egiten ari dela okerrera.

Tokian tokiko lurreko espezieen % 20 desagertu egin dira, gehienak 1900tik hona. Anfibioen % 40, koralen % 33 eta itsasoko ugaztunen herena baino gehiago desagertzeko mehatxupean daude.

Intsektuen kasuan, etorkizuna zein izango den ez dago horren argi, baina espezien % 10 desagertuko direla kalkulatu dute. Ornodunei dagokionez, gutxienez 680 espezie desagertu dira XVI. mendetik eta elikatzeko eta nekazaritza lanetarako erabiltzen diren animalietatik % 9 espezie baino gehiago desagertu ziren 2016an.

Naturaren degradazioaren atzean dauden arrazoiak bost direla azaldu dute: lurraren eta itsasoaren erabileran emandako aldaketak; organismoen ustiapena; aldaketa klimatikoa; kutsadura; espezie exotiko inbaditzaileen zabalkundea.

Ikerbasqueko irakasle bat, tartean

Ikerketa honetan parte hartu duten munduko 150 adituetako bat Unai Pascual Ikerbasqueko BC3 zentroko irakaslea da.

"Naturaren degradazioa gizadiak egun duen arazorik larrienetako bat da, biodibertsitatea eta ekosistemak galtzear daudelako", adierazi du.

"Larrialdiko egoera honi arrakastaz aurre egingo badiogu, naturak gizakion ongizatean duen garrantziaz jabetu behar dugu lehendabizi", erantsi du ikertzaile gasteiztarrak.

"Klimaren krisia erronka globala da, gizakiontzat erabakigarria, baina hau izebergaren punta baino ez da", erantsi du.

"Naturaren degradazioa gelditzeko ezinbestekoa da premiazko neurriak berehala abiarazteari lehentasuna ematea", azpimarratu du.

BIDEO | EAEn 88 espezie daude galtzeko zorian; erdiak baino gehiago landareak dira

EAEn 88 espezie daude galtzeko zorian; erdiak baino gehiago landareak dira
EAEn 88 espezie daude galtzeko zorian; erdiak baino gehiago landareak dira
EAEn 88 espezie daude galtzeko zorian; erdiak baino gehiago landareak dira

1:23
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena