Gizartea -

WATS taldea

Ezkutuko telefono batek kirol arloko indarkeriaren biktimak artatuko ditu

688655099 zenbakira whatsapp mezuak bidaltzea nahikoa izango da "kontsulta, zalantza eta salaketa" guztiak artatzeko.

Indarkeriaren aurkako telefonoaren aurkezpena. Argazkia: Euskaltel
Ezkutuko telefono batek kirol arloko indarkeriaren biktimak artatuko ditu.
Indarkeriaren aurkako telefonoaren aurkezpena. Argazkia: Euskaltel

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kirol arloko indarkeriaren edo jazarpenaren biktimak artatzeko kanal konfidentzial bat martxan jarri du WATS Taldeak: 'Indarkeriaren aurkako Telefonoa'. Besteak beste, Julen Guerrero eta Xabi Prieto futbolari ohiek eta Vicente del Bosque hautatzaile ohiak osatzen dute taldea.

Kirol arloan sortzen edo ematen diren indarkeria mota guztiak artatuko dituen aurreneko zerbitzua izango da Estatu mailan. Xabi Prieto Realeko kapitain ohiak eta Koldo Unanue Euskalteleko zuzendari nagusiak telefonoa aurkeztu dute astearte honetan, Bilbon.

688655099 zenbakira whatsapp mezuak bidaltzea nahikoa izango da, "indarkeria fisiko, ahozko eta psikologikoa, sexu-abusuak, arrazakeria eta xenofobia, berdinen arteko jazarpena, matxismoa edo LGTBI-fobiarekin" zerikusia duten "kontsulta, zalantza eta salaketa" guztiak artatzeko.

WATSeko "aditu" taldeak (pedagogoak, psikologoak eta hezitzaileak) kasu bakoitza aztertu eta "24 orduko epean" erantzun bat emateko konpromisoa hartu du, "salaketa prozesuan pertsona aholkatuz eta tramite guztietan lagunduz".

Ekimena indarkeriaren biktimak "artatzeko kanala" bihurtu nahi dutela azpimarratu du jokalari ohiak. Horrela, "pertsonen giza garapenerako benetako kirol esparruak bermatu" nahi dituztela erantsi du Prietok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Teknologia Indarkeria matxista Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Arrazismoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Homofobia Albisteak Emakumeen kirola Matxismoa LGTBI Sexu erasoak