Gizartea -

Barakaldon

Bi atxilotu Barakaldon, ikastetxe bateko bi familiaren arteko borroka batekin lotuta

Borrokan arma zuriak edo kristalak erabili dituzte, eta lau pertsona —hiru gizon eta emakume bat— zauritu dira. Ertzaintzak ikerketa abiatu du.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak Barakaldon, ikastetxe batean bi familiaren artean izandako borroka batekin lotuta. Lau pertsona zauritu dira Bizkaiko udalerrian izandako borrokan. Arma zuriek edo kristalek eragindako ebakiak zituzten. Zauritutako bi dira atxilotuak.

Ertzaintzaren iturriek esan dutenez, borroka 10:00etan hasi da, Bizkaiko udalerriko ikastetxe batean. Borrokak aurreko eguneko liskar batean du jatorria, futbol entrenamendu batean.

Borrokan, arma zuriak edo kristalak erabili dituzte bi familiak, beste sendiko kideei eraso egiteko. Ondorioz, horietako lau zauritu dira. Bik 24 eta 26 urte dituzte, eta ebakiak izan dituzte gorputzean. Ertzaintzak ospitalean artatuak izan ostean atxilotu ditu.

Beste bi zaurituak senar-emazteak dira. Biak intoxikazioagatik artatu behar izan dituzte, su-itzaltzaile batekin zipriztindu baitituzte. Gizonak, gainera, sastakada bat zituen bizkarrean.

Lau zaurituen lesioak ez dira larriak.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertakizunak argitzeko, eta ikerketaren lehenengo emaitza borrokan parte hartutako lau lagunen atxiloketa izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Barakaldo Gizartea Eguneko albisteak Albisteak