Gizartea -
Duela 50 urte baino gehiago
Maristak Sarrigurengo ikasle ohi batek salatutako sexu-abusuak ikertzen ari dira
Informazio horiengatik "atsekabea eta nahigabea" azaldu dute maristek agiri batean. Era berean, biktima entzuteko eta babesteko borondatea agertu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Iberiar Probintzia Maristak eta Sarrigurengo (Nafarroa) Santa Maria La Real ikastetxeak barne ikerketa bat abiatu dute ikasle ohi batek salatutako gertakariak argitzeko. Duela 50 urte baino gehiago ikastetxean jasandako sexu-abusuak eta tratu txarrak argitara eman ditu zenbait komunikabideetan.
Informazio horiengatik "atsekabea eta nahigabea" azaldu dute maristek agiri batean. Era berean, biktima entzuteko eta babesteko borondatea agertu dute.
Duela zortzi urtetik Iberiar Probintzia Maristak abusuen biktimak artatzeko zerbitzua martxan duela gogorarazi dute. "Adingabea Babesteko Politikaren" baitan, prebentzio eta sentsibilizazio neurriak aurrera eramateko lantalde bat dagoela azpimarratu dute.
Zehaztu dutenez, talde horren bidez, tratu txarren edo abusuen biktima izan diren pertsona guztiei harremanetan jartzeko komunikazio kanala eskaintzen diete.
Gainera, kasu baten berri dutenean, agintariekin lankidetzan ari dira "biktimen ongizatea beti lehenetsiz".
Bestalde, adingabeei egindako sexu-abusu kasuak ez preskribatzeko, Diputatuen Kongresuan idatzi bat aurkeztu zuen erakunde maristak 2016an, gogorarazi dutenez. "Sexu-abusuen gaitza desagertzeko lanean, gizarteari laguntzeko borondate irmoa", azaldu dute maristek.
"Salaketa, entzute eta prebentzio lanean jarraituko dugu, gure mutikoen eta neskatoen eskubideak babesteko asmoarekin, eskubide horiek urratu zaizkien pertsona guztiei laguntza eskainiz, justiziarentzako auziak preskribatu ala ez", gaineratu dute.