Gizartea -
IKERKETA ZABALIK
36 urteko gizon bat hil dute labankatuta, Elgoibarren
Erasotzaileak labankadaz hil du tokian bertan gizona eta berarekin zihoan emakumea zauritu egin du. Ertzaintzak atxilotu egin du ordu batzuk geroago.
EITB.EUS
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gizon bat hil dute gaur goizean, labankatuta, Elgoibarren. Hogeita hamasei urte zituen hildako gizonak eta Elgoibarren bertan bizi zen.
Antza denez, 05:50 aldera izan da erasoa Elgoibarko Giza Eskubideen Parkean. Barren.eus toki komunikabideak zabaldu duenez, inguruko bizilagunek oihu handiak entzun dituzte ordu horretan, eta Ertzaintzari deitu diote.
Erasotzaileak labankadaz hil du tokian bertan gizona eta berarekin zihoan emakumea zauritu egin du. Emakumea Mendaroko ospitalera eraman dute arin zaurituta. Hainbat iturrik jakitera eman dutenez, emakumea erasotzera joan da hasiera batean hiltzailea, eta hura defendatzera joan denean labankatu du gizona.
Ertzaintzak ikerketa ireki du berehala eta erasotzailearen bila hasi dira. 11:20 aldera atxilotu dute Elgoibarren bertan 35 urteko gizona.
Elgoibarko Udalak kontzentrazioa deitu du astelehenerako
Elgoibarko Udalak bozeramaile batzordea deitu du 12:30erako. Ondoren, oharra kaleratu dute gertatua "irmotasun osoz gaitzetsi eta bere samina agertzeko" Giza Eskubideen parkean goizaldean izandako gizon baten hilketagatik eta honen bikotekideak jasandako erasoagatik.
"Udal honek horrelako ekintzak arbuiatu eta ulertezintzat jotzen ditu. Halaber, biktimei, senitartekoei eta baita gertukoei ere erabateko babesa helarazi nahi die" esan dute.
Eraso hau salatzeko eta "indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko apustua aldarrikatzeko", kontzentrazioa deitu dute astelehenerako, maiatzak 13, 19:00etan, udaletxe aurrean.