Gizartea -

Etxebizitza eskubidea

Gasteizko 30 bat eragilek etxebizitza eskubidearen aldeko manifestu bat sinatu dute

‘Gasteizen inor ez kalegorrian’ lelopean, 200 lagun inguruk kanpaldia egin dute Gasteizko Plaza Berrian, bazterketa sozialaren kontrako ekimenaren baitan.

Gasteizko 30 bat eragilek etxebizitza eskubidearen aldeko manifestu bat sinatu dute. Argazkia: ETB
Gasteizko 30 bat eragilek etxebizitza eskubidearen aldeko manifestu bat sinatu dute.
Kanpaldia egin dute Gasteizen, kalean bizi direnentzako baliabide gehiago eskatzeko

0:35

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko gizarte larrialdietarako zerbitzuak, aterpetxeak eta abegi-etxeak “erabat gainezka” daudela salatu dute larunbat honetan hiriko hainbat eragilek. Horren ondorioz, “pertsona asko” kalean lo egitera behartuta daudela ziurtatu dute, eta “premiazko neurriak” eskatu dizkiete erakundeei.

Inor ez etxerik gabe eta etxerik ez inor gabe’ lelopean, etxebizitza eskubidearen alde eta bazterketa sozialaren aurkako manifestu bat sinatu dute Gasteizko 30 bat eragilek. Idatzi horretan, “etxegabeek hirian duten arazoa” salatu dute, kalean lo egitera behartuta dauden pertsonek ez dutelako “behar duten arreta” jasotzen.

Larunbat honetan egindako agerraldian, etxebizitzak garestitzen joatea eta "espekulazio mota guztiak" salatu dituzte; bereziki, "alokairuko etxebizitzari dagozkionak". Gainera, uneotan hirian 10.000 etxebizitza hutsik daudela azaldu dute, horietatik, 500 inguru udalaren jabegokoak izanik. Gauzak horrela, Udalak ez diela hiritarren beharrei erantzunik ematen ziurtatu dute.

Halaber, oso kezkatuta agertu dira baliabide gutxiko eta premia egoeran dauden pertsonen etxegabetze kasuen igoerarekin. “Kezkagarria da gure instituzioen inplikazio falta alokairuko etxebizitzen parke publikoan, alokairu sozialek prezio eskuragarria izan beharko lukete eta horiek eskuratzeko egun existitzen diren oztopoak desagertu beharko lirateke”, gaineratu dute.

Era berean, “gizartetik baztertuak izateko arriskua” duten herritar guztientzako arreta bermatu ahal izateko, gizarte-baliabide nahikoak ezartzea “premiazkoa” dela esan dute, “bereziki adingabeak kargura dituzten familien kasuetan ematen ari den gabezia konpontzeari begira”.

Gizarte zerbitzuak, gainera, “ez daude pentsatuta eta prestatuta zaurgarritasunean dauden emakumeei arreta egokia emateko, eta bere egoera ekonomiko latzari, eraso eta jazarpenak jasotzera behartzen dituzte”, azpimarratu dute eragileek.

Arrazoi horregatik, manifestu horren sinatzaileek “egoera honekin bukatzeko premiazko neurriak” eskatu dizkiete erakundeei, eta etxebizitza ez dela luxua, “eskubidea baizik”, gogora ekarri dute.

Kanpaldia

‘Gasteizen inor ez kalegorrian’ lelopean, 200 lagun inguruk kanpaldia egin dute Gasteizko Plaza Berrian, bazterketa sozialaren kontrako ekimenaren baitan. Dena dela, Udalak ez die baimenik eman plaza erdigunean egoteko, eta plazako arkupeetan igaro dute gaua. Manifestua sinatu duten mugimendu sozial eta eragileek bat egiteko deia egin diete herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Araba EAE Gizartea Ekonomia Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Etxebizitzen merkatua