Gizartea -
Fauna eta Flora basatia
Bidasoa ibaia birpopulatzeko angulak lapurtu dituzte Gipuzkoako haztegi batetik
Aldez aurretik Barajas aireportuan konfiskatutakoak ziren, Asiara legez kontra esportatzekoak baitziren.
Agentziak | Erredakzioa
Ezezagun batzuek bost kilo angula lapurtu dituzte Gipuzkoako arrain-haztegi batean, lurraldeko ibaiak angulaz birpopulatzeko zituztenak, hain zuzen.
Guardia Zibilak 53 kilo angula atzeman zituen otsailaren 14an Adolfo Suarez Madril-Barajas aireportuan, eta Irungo arrain-haztegi batera eraman zituzten. Angula horietako batzuk (5 kilo) lapurtu dituzte, Gipuzkoako Foru Aldundiko Fauna eta Flora Basatiko zerbitzuak jakinarazi duenez.
Gipuzkoako Foru Aldundiak Bidasoa ibaia izokinez birpopulatzeko hainbat ekimen ditu martxan.
Otsailaren 23a eta 28a artean, ezezagun batzuk arrain-haztegian sartu ziren eta bost kilo angula zein hiru izokin lapurtu zituzten. Aurretik ere egin dituzte lapurretak bertan, beste lautan sartu baitira. Angulak giltzapeko urmaeletan zeuden.
Otsailaren 29an haztegian gelditzen ziren gainerako angulak hainbat ibaitan bota zituzten, Gipuzkoako ibaiak angulaz birpopulatzeko programaren barne.
Beherakada larria
Legez kontra harrapatutako angulak maiz konfiskatu dituzte azken boladan Barajasen, jarduera horiek atzemateko kontrolak areagotu baitituzte; izan ere, angulen kopuruak behera egin du, legez kontrako arrantza eta horien habitataren galera dela eta.
Gaizkileek kutxetan sartzen dituzte legez kontra harrapatutako aingira-ale heldugabeak, urarekin eta izotz botilekin, helmugara bizirik heltzea bermatzeko. Besteak beste, Vietnamera, Hego Koreara edo Txinara bidaltzen dituzte, balio handia baitute Asia osoan. Lanpernak edo olagarroak direlakoan bidaltzen dituzte.