Gizartea -

2018ko datuak

Genero indarkeriaren biktimen kopuruak gora egin du EAEn eta Nafarroan

Euskadin % 8,3 igo da tasa, eta Foru Erkidegoan, % 4,7. Hazkundea gorabehera, mila biztanleko indarkeria tasa txikienak dituzten erkidegoak dira EAE eta Nafarroa.

Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat. EFEren artxiboko argazkia
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat.
Indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratze bat. EFEren artxiboko argazkia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.051 emakume genero indarkeriaren biktima gisa (bikotekideek edo bikotekide ohiek egindako indarkeriaren biktima) zenbatu zituzten iaz Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan. Biktimen kopuruak gora egin du Euskadin (% 8,3) eta Nafarroako Foru Erkidegoan (% 4,7).

Bikotekideen edo bikotekide ohien indarkeria jasan eta gero, babes neurriren bat duten emakumeak bakarrik kontuan hartzen dituzte estatistika horretan (ezezagunek egindako indarkeriaren biktimak, adibidez, ez dituzte zenbatzen).

Espainiako Estatistika Institutuak (INE, gaztelaniazko sigletan) gaur plazaratu ditu 2018ko Genero Indarkeriaren eta Etxeko Indarkeriaren Estatistikaren datuak. Kopuruok Biktimen Babeserako Erregistrotik atera ditu Institutuak.

Zenbaki absolututan, Estatuan genero indarkeriaren tasa txikiena duen hirugarren erkidegoa da Nafarroa (309 emakume); EAE, berriz, zortzigarrena da (724 emakume).

1.000 biztanleko tasari erreparatuta, ordea, EAE da indarkeria tasarik txikiena duen erkidegoa (0,8); Nafarroa, laugarrena (1,1).

Etxeko indarkeriari dagokionez (senide bati emakume batek edo gizon batek egindakoa), 287 emakume eta 184 gizon zenbatu zituzten biktima gisa Hego Euskal Herrian. Kasu honetan ere gora egin zuen biktima kopuruak: % 25 eta % 63, emakumeen kasuan, eta % 8 eta % 4,8 gizonen artean, EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren.

Espainiako Estatuan ere hazi egin zen genero indarkeriaren biktimen kopurua. 31.286 biktima izan ziren (% 7,9ko igoera). Bestela esanda, 14 urtetik gorako 1.000 emakumetik 1,5 biktima da.

INEk ohartarazi duenez, kezkagarria da erasotzaileen adina. Izan ere, 18-19 urteko eta 25-29 urteko erasotzaileen kopurua % 14,1 eta % 11,9 igo da, hurrenez hurren. Adin tarte horietan hazi da gehien erasotzaile kopurua.

Biktimei dagokienez, gehienek 25 eta 39 urte bitartean dituzte. Batezbestekoa 36,5 urtekoa da.

_____________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Sexu erasoak