Gizartea -

28. edizioa

Euskal Eskola Publikoaren jaia ospatzen ari dira Errenterian

Eguraldia lagun, egitarau zabala prestatu dute Koldo Mitxelena eskolako kideek. 'Makina bat taupada' lelopean ospatuko da jaia.

2018an Lekeition ospatu zuten jaia. EiTBren bideo batetik ateratako irudia.
2018an Lekeition egin zen jaiaren irudia
Euskal eskola publikoaren aldeko taupadak, Errenterian

1:53

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Eskola Publikoaren 28. jaia ospatuko da igande honetan, Errenterian. Koldo Mitxelena eskolak antolatu du aurtengo jaia, ‘Makina bat taupada’ lelopean. Egitarau oparoa prestatu dute bertara joaten diren guztientzat. Eguraldia, gainera, lagun izango dute.

Festak sei gune izango ditu: Koldo Mitxelena, Gamon Zumardia, Gernika plaza, Herriko plaza, Foru plaza eta Ondartxo.

Gainera, hainbat talde kalez kale ibiliko dira giroa berotzen: EH 11 kolore, Euskorleans, Rockalean, EMKE banda, Reperkusion Feminista, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak. Beraz, antolatzaileen esanetan, Errenterian ez da inon jai giroa faltako.

Urtero bezala, garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute. Renfe Aldiriak-ek 10.000 plaza gehiago eskainiko ditu. Aparteko garraio-zerbitzuan, 17 tren izango dira 09:00etatik 21:00etara.

1. gunea: Koldo Mitxelena

Koldo Mitxelena eskola izango da Euskal Eskola Publikoaren 28. Jaiaren lehenengo gunea, atsedenerako leku aproposa behin irekiera ekitaldia amaituta. 15:00etatik aurrera, hainbat elkartek eskainitako tailerrak egingo dira. Halaber, takila-zerbitzua eskainiko dute eskola barruan.

2. gunea: Gamon Zumardia

Gamon Zumardia izango da jaiaren bigarren gunea. 12:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots igoko dira oholtzara, “Musua” ikuskizunarekin, musuek ere mundua biraka jartzen dutela erakusteko prest. 11:00etatik aurrera, giza balioak Euskal Herriko txoko guztietara musika bidez helarazteko sortu zen Baloreak proiektuaren eskutik, egitasmo interaktibo batean parte hartzeko aukera egongo da. Arratsaldean, musika izango da protagonista, Demode Quartet eta Nogen taldeen eskutik.

Egunean zehar ere, EiTBren Hiru3 gunea jarriko dute, eta argazkiak ateratzeko aukera egongo da bertan. Horrez gain, janarirako txartelak erosi eta bazkaltzeko aukera egongo da kioskoaren inguruan.

3. gunea: Gernika Plaza / Panier

Gernika Plaza izango da jaiaren hirugarren gunea. 11:00etatik aurrera, puzgarriak (euskal ludoteka, herri kirola, oihan tobogana, itsasontziak, txikitrena, barredora, jumping) eta jolas kooperatiboak egongo dira bertan.

4. gunea: Herriko Plaza

Laugarren gunea kontzertuen gunea izango da. Larunbatean, 19:00etan, Herriko plazan, Nerabe taldeak kontzertua eskainiko du, giroa berotzen hasteko. Ekainaren 2an, 13:00etan, eMe taldearena kontzertua egongo da; 15:00etan, Ene Kantak taldearen ikuskizun eta antzerki musikala, eta, 17:00etan, Izaki Gardenak taldearen kontzertua.

5. gunea: Foru Plaza

Foru Plazan egongo da jaiaren bosgarren gunea. 12:00etan, Apaxi ipuin kontalaria izango da. Aipatzekoa da Apaxiren istorioak zeinu-hizkuntzan jarraitu ahal izateko aukera egongo dela Eskuaire elkarteari esker. Ordu berean, umeak garraiatzeko zapien eta buruko zapien tailerra eskainiko dira. Gainera, 13:00etan, Henna tailerra eskainiko dute Koldo Mitxelena eskolako amek. 15:00etan, Mustaren perkusio tailerra egongo da, tinbalak jotzen ikasteko. 17:00etan, Roberto Whitek txotxongilo ikuskizuna eskainiko du.

6. gunea: Ondartxo

Ondartxo gazteentzako gunea izango da (alkoholik gabekoa). 11:30ean, ergometroak (arraun egiteko makinak) probatzeko aukera izango da, eta skate erakusketa eta tailerra eskainiko du Life Style taldeak. 11:30ean eta 12:30ean, DJ Txurruk eta Asier Burguete "Go!azen"-eko aktoreak musika jarriko dute, eta dantza urbanoa egongo da 15:00etan. 16:00etan, Aneguria arituko da abesten eta musika jartzen. Bestalde, egunean zehar, grafiti erakustaldia, skate zirkuitua, erakusketak eta kaleko animazioa egongo da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Euskal eskola publikoaren azken ordukoa Gizartea Kultura Errenteria albisteak Eguneko albisteak