Gizartea -

Zirkulazio operazioa

Hildakorik ez eta iaz baino 26 istripu gutxiago, EAEn Aste Santuan

Aurrenekoz, 40 hildako baino gutxiago izan dira Espainiako errepideetan Aste Santuko zirkulazio operazioan. Trafiko Zuzendaritzak ez du arreta jaitsiko aste honetan Araban San Prudentzio dela eta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aste Santuko zirkulazio operazioa hildakorik gabe bukatu da EAEko errepideetan; guztira, 137 istripu izan dira, iaz baino 26 gutxiago, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Apirilaren 20an, asteazkenean, hasi zen Aste Santuko irteera operazioa, eta atzo gauerdian itxi zuten. Dena den, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak ez du arreta maila jaitsiko Arabako errepideetan; izan ere, "zenbait egun zail" izango dituzte San Prudentzio jaiaren ospakizuna dela eta.

Trafiko Zuzendaritza pozik agertu da, azken urteotan EAEko errepideetako egoerak “hoberantz” egin baitu. Orain dela bost urte 319 istripu izan ziren Aste Santuan, eta aurten 137 izan dira.

Halaber, kalte pertsonalak eragin dituzten istripuen kopurua ere jaitsi egin da. Orain dela bost urte 81 izan ziren, iaz 60, eta aurten 41 izan dira.

Bestalde, A-8 autobidean, Bizkaian eta Kantabrian, errei itzulgarria erabili izanak irteera operazioko (asteazkena eta osteguna) auto-ilarak murriztu dituela adierazi dute. Ia 7.000 gidarik erabili zuten errei itzulgarri hori.

Irteera operazioko bi egunetan auto-ilarak sortu ziren Biriatun (Iparraldeko noranzkoan), eta AP-1 autobidean (Burgoseko noranzkoan, Armiñon (Araba) parean.

Itzulera operazioan, ibilgailuen joan-etorriak Biriatun, Arminonen, eta A-8 autobidean, Kantabrian, ugaritu ziren. Azken errepide horretako errei itzulgarria Santanderreko noranzkoan soilik dago martxan.

Estatuan

Espainiako errepideetan 39 lagun hil dira Aste Santuan, 2010ean baino bost gutxiago. Biktimak zenbatzen direnetik, aurrenekoz izan dira 40 hildako baino gutxiago, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta Barne ministroak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea