Gizartea -
Bonbardaketaren 74. urtemuga
Bonbardaketa Francok agindu zuela onartzea eskatu du Gernikak
Alkateak eskatu du "onartu dadila herria Francoren aginduz Alemaniako Condor Legioak bonbardatu zuela". Gainera, Gerry Adamsek eta Gernikazarrak Bakearen eta Adiskidetasunaren sariak jaso dituzte
Erredakzioa
Jose Maria Gorroño (EA) Gernikako alkateak "beste urte batez" eta bonbardaketaren 74. urtemuga dela eta, Diputatuen Kongresuak "egia onartu dezala" eskatu du hau da, "Alemaniako Condor Legioak Francoren aginduz bonbardatu zuela herria".
Gorroñok komunikabideei egindako adierazpenetan gogorarazi duenez, Alemaniako Gobernuak eta Parlamentuak duela hamalau urte onartu zuen hori guztia eta barkamena eskatu zieten Gernikako herritarrei. Beraz orain, alkateak galdegin du ea zergatik kostatzen den "hainbeste" egia esatea, eta beraz onartzea, bere momentuan gezurra izan zela gorri-separatistei egoztea erasoa.
Alkateak gaur bonbardaketaren 74. urtemuga gogorarazteko programatutako ekitaldietan hartu du parte. Ekitaldi horietako bat, hain zuzen ere, jatorri hegoafrikarra zuen George Steer (1909-0945) kazetari britainiarraren bustoaren aurrean egindako lore eskaintza izan da. Kazetari hori Gernikara bonbardaketa gertatu eta ordu gutxira iritsi zen eta gertatutakoaren kronika idatzi zuen Britania Handiko "The Times" egunkarian eta "New York Times" estatubatuarrean.
Bakearen eta Adiskidetzearen Sariak
Gernika-Lumon Gernika Bakearen eta Adiskidetzearen VII. Sariak banatu dituzte gaur eguerdian eta aurtengoan, Gernikazarra elkarteari eta Gerry Adams Irlandako politikariari eman dizkiote.
Bonbardaketaren 74. urtemuga ospatzeko ekitaldien barruan egin da sari banaketa Lizeo Antzokian, udal agintariak buru zirela.
Gernikazarra Historia taldearen saria talde horretako bi kidek jaso dute, Alberto Iturriarte eta Vicente Palaciosek, hain zuzen ere. Elkartea 1985. urtean sortu zen eta orduz geroztik hainbat lan egin ditu 1937ko bonbardaketaren, herriaren ondorengo berreraikitze lanen eta herri-memoriaren errekuperazioaren gainean, besteak beste.
Gerry Adamsi emandako saria Udaleko bi zinegotzik, Begoña Landak eta Idoia Fernandezek jaso dute, Gerry Adamsek ez baitu joaterik izan "hauteskundeak prestatzen" ari dela argudiatuta.
Arratsaldeko ekitaldiak
Gaur arratsaldean 16:30ean, lore eskaintza egin diete Zalloko hilerrian bonbardaketan hil zirenei; Idoia Mendia Jaurlaritzako Justizia sailburua, Josune Ariztondo Kultura Diputatua, Ana Madariaga Bizkaiko Batzar Orokorretako Presidentea eta Gernikako alkatea Jose Maria Gorroño izan dira bertan.
Amaitzeko, 21:30ean, manifestaldi isila egin dute herriko kaleetan zehar herritarrek, kandelak eskuetan dituztela. Bonbardaketaren urtemuga ekitaldiak amaitzeko Jon Iturralderen "Gernika" ikus-entzunezkoa proiektatuko dute eta "Gernika Sutan" antzerkia egingo dute herriko hainbat lagunek.
Bakearen Museoak gainera, gaurko ekitaldi eta bisita gidatu bereziak antolatu ditu.