Gizartea -
Eskola publikoa
Uriartek hezkuntza komunitatearen babesa eskatu du Hezkuntza Lege berrirako
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak ohartarazi du lege berriak "ibilbide laburra" izango lukeela "hezkuntza komunitatearen babesik eta laguntzarik gabe".
agentziak | erredakzioa
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburuak berretsi du beharrezkoa dela Hezkuntza Lege berri bat egitea "XXI. mendeko aldaketak jasoko dituena", baina ohartarazi du "ibilbide laburra" izango lukeela "hezkuntza komunitatearen babesik eta laguntzarik gabe".
Uriartek horixe adierazi du Euskal Eskola Publikoaren jaiaren 28. edizioaren hasieran emandako hitzaldian, Errenterian. Uriartez gain, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea, Eugenio Jimenez Zentro eta Antolakuntza zuzendaria eta Polentzi Urkijo Azpiegitura, baliabide eta Teknologien zuzendaria ere bertaratu dira, Hezkuntza Sailaren ordezkari gisa.
Sailburuak "lankidetzan" aritzearen garrantzia azpimarratu du: "Bai jai bat antolatzeko, zentroko bizikidetzaren alde lan egiteko, edo gure hezkuntza sistema hobetzea bilatzeko. Kasu guztietan da beharrezkoa lankidetza. Horrek egiten gaitu indartsu".
Horren harira, Euskal Eskola Publikoak hainbat hamarkadez egindako lana goraipatu du Uriartek, horri esker hezkuntza sistemaren "zutabeak sendotu" direlako "lankidetzatik eta adostasunetik". Azaldu duenez, "urtez urte, herri honek argi izan ditu eta ditu bere lehentasunak. 30 urteotan gure hezkuntza sistemaren zutabe sendoak eraiki ditugu eta, lan horretan, Euskal Eskola Publikoaren lana ezinbestekoa izan da”.
"Arduraz, ongi dagoena aprobetxatzen, eta hobekuntza behar duena aldatzen. Eraikitakoaren gainean eraiki dugu, eta ikuspuntu desberdineko pertsonen artean egin dugu. Garrantzia itzela ematen diogulako gure seme-alaben hezkuntzari. Harro egon beharko genuke horregatik", gaineratu du.
Uriartek azpimarratu du lan hori "elkarlanean" egin dutela, "horrela eskatzen duelako euskal gizarteak", eta kritikatu du "batzuetan fokua zatitzen gaituenean" jartzen dela, "adostasunak gehiago eta garrantzitsuagoak izan arren". Uriarteren esanetan, "batzen gaituena azpimarratzen eta goraipatzean jarri beharko genuke azpimarra, kritika eraikitzailea sustatzen".
Lege berria
Horren harira, Hezkuntza Sailak lege berria aurkezteko "konpromisoa" aipatu du. Izan ere, "lehenengo urratsak" egiten ari omen dira, eta "bide horretan guztiok gara garrantzitsuak".
Sailburuak gogorarazi du egungo legeak 27 urte dituela, eta "agerikoa" dela "zenbat aldatu den hezkuntza" tarte horretan. Besteak beste, irakasteko sistemen aldaketak, metodologien eguneratzea eta teknologiaren "protagonismoa" aipatu ditu. "Horren guztiaren isla ez dago oraindik gaur egun indarrean dagoen legean", ohartarazi du.
Hori dela eta, "XXI. mendeko aldaketak barne hartuko dituen Hezkuntza lege berria beharrezkoa" dela berretsi du. Dena dela, "horrek guztiak ibilbide laburra" izan dezakeela uste du "hezkuntza komunitatearen laguntzarik eta babesik gabe".