Gizartea -
Maula interneten
Bizkaian 200 pertsonari ostu zieten banda desegin dute
Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu.Aantza, produktuak eta zerbitzuak erosten zituzten Interneten iruzurren bidez lortutako txartel zenbakiei esker.
eitb.eus
EAEn 200 pertsona baino gehiagori maula egin zion banda desegin du Ertzaintzak Bizkaian; gaizkileek Interneten erosketak egiten zituzten kreditu-txartelen zenbakiak iruzurrez erabilita, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Joan den astean, Ertzaintzak 28 eta 34 urte arteko hiru pertsona atxilotu zituen Bizkaian eta laugarren baten aurkako eginbideak abiatu zituen; antza, produktuak eta zerbitzuak erosten zituzten Interneten iruzurren bidez lortutako txartel zenbakiei esker.
Ertzaintzaren susmoen arabera, Interneteko talde espezializatuetan lortzen zituzten txartelen datuak, 'carding' izenarekin ezaguna den jokaera erabilita.
Txartelen zenbakiak behin lortuta, 300 eta 1.200 euro arteko produktuak eta zerbitzuak erosten zituzten. Produktuen artean, esaterako, arropa, oinetakoak eta osagarriak, koloniak eta perfumeak erosi zituzten. Zerbitzuen artean, berriz, autobus txartelak eta bidaiarien garraiorako konpainien zordunketak izan ziren nagusi.
Atxilotuak jarduera mota horretan adituak diren banda bateko kideak dira. Horrenbestez, Ertzaintzak ez du atxiloketa gehiago izatea baztertzen.