Gizartea -
Indarkeria matxista
Medeak taldeko kide batek sexu-eraso transfoboa jasan du Donostian
Gertakariak Aritzetako gasolindegian gertatu ziren. Gizon batek ezustean egin zion eraso. Biktima itotzen ahalegin du zen eta heriotza-mehatxuak egin zizkion.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal Herriko Kolektibo Transfeministak salatu duenez, talde horretako kide batek "sexu-eraso transfobo eta lesbofoa" jasan du Donostiako gasolindegi batean. Transexuala da biktima.
Ohar batean azaldu duenez, erasoa maiatzaren 23an geratu zen, Aritzetako zerbitzu-gunean. Bilbotik Gipuzkoarako noranzkoan zihoanean ibilgailu bat "oso gainean" zeukala jabetu zen, baina ez zuen pentsatu gidariak berarekin inolako arazorik izan zezakeenik.
Gasolina botatzeko asmoz, Aritzetan gelditzea erabaki zuen. Aipatu ibilgailuko gidariak atea ireki eta berehala biktimari eraso egin zion. Itotzen saiatu zen eta heriotza-mehatxuak egin zizkion. Halaber, bularrak estutu zizkion, "min jasanezina" eragin arte.
Gasolindegiko langile batek erasotzailea identifikatu zuen eta Ertzaintzari deitu zion. Biharamunean epaiketa azkarra egin zuten. Erasotzaileak eraso arina eta mehatxuak egin izana onartu zuen, sexu-erasoaren salaketa erretiratzearen truke. Halaber, biktimari 150 euroko kalte-ordaina eman beharko dio eta urtebeterako urruntze-agindua ezarri diote.
Azkenean, gizonari sexu-eraso delitua egotzi ez bazioten ere, biktimak argi dauka sexu-erasoa izan zela, oharrean nabarmendu dutenez.
LAB sindikatuak ere gogor salatu du Medeak taldeko kideak jasandako erasoa eta lesbofobiari eta transfobiriari aurre egitea "guztion ardura" dela azpimarratu du.