Gizartea -
Istilua
Hiru lagun atxilotu eta beste hainbat zauritu dituzte Donostiako etxe okupatu batean
Dirudienez, eraikinaren atean jarritako kandadua apurtu dute barrura sartu diren gazteek. Okupatutako etxebizitza Donostia erdialdean dago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hiru pertsona atxilotu eta beste hainbat zauritu dituzte Donostia erdiguneko eraikin okupatu batean izandako istiluetan. Antza denez, gazteak atxilotzera joan diren sei ertzain daude zaurituen artean.
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 09:30 aldera gertatu dira istiluak. Ordu horretan, bizilagun baten deia jaso du Ertzaintzak. Moraza kaleko etxe batean hainbat lagun sartu direla ohartarazi die pertsona horrek agenteei. Etxebizitza hori hainbatetan okupatu dute aurretik ere.
EFE albiste-agentziak emandako informazioaren arabera, eraikinaren atean jarritako kandadua apurtu dute barrura sartu diren gazteek. Etxebizitza Donostia erdialdean dago.
Deiaren berri izandakoan, hainbat ertzain bertaratu dira, eraikinera sartu diren gazteak identifikatzeko asmoz. Alabaina, okupek "jarrera erasokorra" erakutsi dute, leihoetatik objektuak botatzen hasi baitira. Euskadi Irratiak zehaztu duenez, horri erantzunez, ertzainek borrekin kolpatu dituzte gazteak.
Azkenik, Ertzaintzak etxebizitza okupatu duten gazteak identifikatu ditu. Horietako bi Donostia Ospitalera eraman dituzte, ebaki batzuk zituztelako. Era berean, sei agente artatu behar izan dituzte, jasotako kolpeen ondorioz.
Ertzaintza istiluak jaso diren lekuan dago, oraindik ere.