Gizartea -
BIZKAIA
Gizon batek bere amaren bikotekidea hil du Galdakaon
Gainera, ama larri zauritu du. Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu du, 33 urteko gizona. Atxilotua epailearen esku jarri dute arratsaldean.
EITB.EUS
Gizon batek bere amaren bikotekidea hil du bart Galdakaon, eta ama larri zauritu du, Ertzaintzak ohar bidez jakinarazi duenez. Ustezko erasotzailea, 33 urteko gizona, atxilotu dute. Atxilotua epailearen esku utzi dute arratsaldean. Bilboko epaitegi batek ikertuko du auzia. ETBk azaldu duenez, atxilotuak arazo psikologikoak ditu.
Ertzaintzaren arabera, erasoa 04:00ak aldera gertatu da, Galdakaoko Aperribai auzoko etxebizitza batean. Horren berri izan ostean bertaratu diren ertzainek labanaz zaurituta aurkitu dituzte biak.
Larrialdi zerbitzuak bertaratu direnerako, ordea, 51 urteko gizona hilda zegoen. 61 urteko emakumea, ostera, larri eraman dute Galdakaoko ospitalera.
Ertzainek gizonaren gorpua eta emakumea odolusten aurkitu dituzte.
Ertzainek emakumeari lehen laguntza eman eta tornikete bat egin diote zauritutako hankan odoljarioa geratzeko, osasun zerbitzuak heldu bitartean.
Zauritua "egonkor" dago, Galdakaoko ospitaleko iturriek baieztatu dutenez.
Atxilotua 10:30 aldera atera dute etxebizitzatik, lekua arakatzeko Ertzaintzak bertara eraman ostean.
Ertzaintza 10:00etan sartu da gizonarekin batera Galdakaoko bizilekuan, eta ordu erdi geroago irten dira, atxilotuak esku-burdinak eta aurpegia estalita zituela.
Etxebizitzan egindako aurreneko miaketan ertzainek labana handi bat topatu dute.
Ikertzaileek frogak biltzen eman dute goiz osoa, Ertzaintzak azaldu duenez.
Ertzaintzak ikerketa abiatu du gertaturikoa argitzeko.
Bestalde, Galdakaoko Udalak, komunikatu baten bidez, Aperribai auzoan bart izandako "gertaera salatu du, hildakoaren familiari doluminak helarazi dizkio eta zaurituari laster senda dadin opatu".