Gizartea -
Eraikin okupatua
Moraza kaleko etxea hustearen aurka protesta egin dute Donostian
Operazioarekin "45 pertsona baino gehiago kalean lo egitera" zigortu dituztela salatu dute ia 20 kolektibok.
Agentziak | Erredakzioa
SOS Arrazakeria, Harrera Sarea, Medeak, Askapena, Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Letama Gaztetxea kolektiboek, besteak beste, elkarretaratzea egin dute ostiral honetan, Donostian, Moraza kaleko eraikina okupatzen ari diren pertsonak bertatik ez aterarazteko.
Elkarretaratzean, ia 20 kolektiboren izenean agiri bat irakurri dute. Moraza kaleko eraikina husteko "arriskuaz" ohartarazi dute eragileek. Etxea duela bederatzi hilabete okupatu zuten. Operazioarekin "45 pertsona baino gehiago kalean lo egitera" zigortu dituztela salatu dute.
Testuinguru horretan, Gipuzkoako harrera zentroetan dauden adingabe atzerritarrek 18 urte betetzen dituztenean, "bizileku-baimenarekin kalean uzten dituzte, baina lan egiteko baimenik gabe", salatu dutenez. Helduek "pasaportea (120 euro) ordaintzea eta udalaren lurzoruan hiru hilabetez bizitzea lortzen baldin badute, erroldatzeko aukera dute, eta hori truke txanpona bihurtzen da".
"Behin lortuta, handik hiru hilabetera osasun-txartela eska dezakete; sei hilabetera gizarte-bazterketa txostena egin dezakete etxebizitza eskatu ahal izateko, itxarote-zerrenden arabera, 7-8 hilabetera Caritasen gaueko abegi-zentro batek artatzeko aukera izateko, baina lepo egon ohi dira", azaldu dute.
Gainera, handik hiru urtera "lanaldi osoko kontratua aurkeztu behar dute, gutxieneko soldata bermatu batekin, bizileku-baimena lortzeko", erantsi dutenez.
Eraikina okupatzen ari diren pertsonak "egunero jazartzea" leporatu diete Ertzaintzari eta Udaltzaingoari. Pertsona horien egoerari aurre egiteko "bide eraginkor bakarra elkartasun sareen bidez antolatzea" dela gaineratu dute. Azkenik, "guztientzako tokia" duen hiri baten aldeko apustua egin dute, eta "Morazako bizilagunen duintasuna defendatzera" dei egin dute.