Gizartea -
Bizkaia
Galdakaoko krimenaren ustezko egilea espetxera bidali du epaileak
Bilboko epaitegi baten aurrera eraman dute arratsaldean, eta atxilotua espetxeratzeko agindua eman du epaileak, baina Basurtuko Ospitalera eraman dute.
Agentziak | Erredakzioa
Arma zuri batekin bere amaren bikotekidea hiltzea eta emakumea bera larri zauritzea egotzita, 33 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Galdakaon (Bizkaia), ostiral honetan. Epaileak atxilotua galdekatu eta espetxeratzeko agindua eman du arratsaldean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Bilboko epaitegi baten aurrera eraman dute arratsaldean, eta atxilotua espetxeratzeko agindua eman du epaileak, baina Basurtuko Ospitalera eraman dute.
Ertzaintzako patruila bat Galdakaoko Aperribai auzora hurbildu da 04:00ak aldera. Emakume zaurituak berak eman du abisua.
Ertzainak bertaratu dira, eta etxebizitzan lehen laguntza eman diote emakumeari, eskuin hankan zauria baitzuen. Ertzainek tornikete bat egin diote odoljarioa geratzeko, osasun zerbitzuak heldu bitartean. Era berean, sukaldeko ganibeta bat odol hondarrekin aurkitu dute etxe barruan, ustez krimenean erabilitako arma.
Ondoren 51 urteko gizonaren heriotza baieztatu du mediku batek. Bestalde, emakumea larri Galdakaoko Ospitalera eraman dute.
Ustezko erasotzailea emakume zaurituaren semeetako bat zela baieztatu ostean, gertakarien tokian atxilotu dute. Hasiera batean, atxilotua polizia-etxera eraman dute.
Ondoren etxebizitzara eraman dute berriro, tokia miatzeko. Atxilotua eskuburdinak jarrita atera dute 10:30 aldera. Arratsaldean, epailearen aurrean deklaratu ondotik, espetxeratzeko agindua eman dute.