Gizartea -
Nafarroan
Ega ibaian desagertutako gaztearen bilaketa hasi dute laugarrenez
Mutila aurreko asteartean desagertu zen ur-korronte batek ustekabean eraman ostean.
Erredakzioa
Asteartean bilaketa lanak abiatu zituztenak osatuko dute gaurko, ostirala, bilaketa-taldea, Ega ibaian, San Adrian parean, galdutako gaztea topatzeko.
Momentuz ez dute emaitzarik eman talde bereziaren lanek eta Calahorrako gaztea galdu zen lekutik, presa batetik gertu, Egak Ebro ibaia ukitzen duen lekura arakatzera pasa dira, Azagra herrian.
Nafarroako Gobernuak zabaldu duenez, San Adriango hainbat putzuetan ez ezik Ega ibaiko bokalean ere ekingo diote bilaketari. Gainera, aurreko egunetan bezala, Nafarroako Gobernuaren helikopteroa izango dute erabilgarri.
Asteburuan bilaketa jarraitzea beharrezkoa izango balitz, Nafarroako Larrialdi Agentzia bolondres talde bat osatzen ari da.
Salaj Edin Calahorrako mutikoa arratsalde pasa joana zen San Adriango urtegira asteartean, lagun koadrila batekin. Urtegiko uhartetxora abiatu ziren, baina Salaj Edinek urrutixeago joatea erabaki zuela diote lagunek. Ustekabean, korronteak eraman zuen eta igerian ez dakiela jakinda, lagunak berehala saiatu ziren haren bila joaten, baina haiek ere ur korronteak eraman zituen.
Arratsaldeko bostetan gertatu zen hori, eta lau orduz aritu ziren Guardia Zibila, suhiltzaileak eta Foruzaingoa mutikoaren bila, urtegian bertan eta baita Ega ibaian ere, baina ez zuten Edinen arrastorik aurkitu. Gaur goizean goiz hasi dira berriz Calahorrako mutilaren bila.