Gizartea -

Donostia

'Gara' egunkariaren aldeko elkartasun oldea Ilunben

Garako zuzendariak eskerrak eman dizkie babesa ematen ari zaizkien milaka herritarrei, horiei ekarpenei esker ordainduko baitute aurten ordaindu beharreko "1,5 milioi euroko zor injustua"

Ilunben ospatu da jaialdi solidarioa. Argazkia: EiTB
Ilunben ospatu da jaialdi solidarioa. Argazkia: EiTB
Iñaki Soto: 'Ekimen txalogarria eta egun ederra izan da guretzat'

2:07

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gara egunkariak antolatuta, elkartasun jaialdia egiten ari dira Donostiako Ilunben, aipatu egunkariak Eginen zorrari aurre egin beharko diola-eta elkartasuna adierazteko. Izan ere, Garzonek itxi zuen egunkariak Gizarte Segurantzari zor zizkion 3 milioi euroak Gararen esku utzi ditu auzitegiak.

Baltasar Garzon epaileak duela 21 urte itxi zuen Egin, eta eta bost urte geroago Garari esleitu zion egunkari hark Gizarte Segurantzarekin zuen zorra, "enpresen oinordetza ideologikoa" zegoela argudiatuta. 2009an Auzitegi Gorenak egunkariaren itxiera legez kanpokotzat jo bazuen ere, Garak zorrari egin beharko dio aurre.

Horren aurka protesta egiteko, euskal hedabideari elkartasuna adierazteko eta prentsa eta adierazpen askatasuna aldarrikatzeko, 30 bat taldek kontzertuak emango dituzte jaialdian, hiru eszenatokitan banatuta (bi Ilunben, eta bestea kanpoaldean) 22:00ak arte.

12:30etik (Aiora eta Piti Zea Maysekoak 1. eszenatokian) gaueko hamarrak arte (Ze Esatek! kanpoaldean), Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Gari, Valtonyc (streamingez), Esne Beltza, Bad Sound, Su Ta Gar, Ruper Ordorika, McOnak, La Furia, Liher, Xutik, Siroka, Talco, Somos Guerreras, Josetxu Piperrak, Itziarren Semeak, Patxuko Nice, Nogen, Hesian, Kop, Soziedad Alkoholika, Gatibu, Anita Parker, Des-kontrol, Berri Txarrak, ETS, Huntza eta Los Zopilotes Txirriaos arituko dira jo eta su.

Iñaki Soto Garako zuzendaria hunkituta agertu da ETBko kameren aurrean "bai taldeek doan jokatzeko egin duten esfortzuagatik baita bertara hurbildu den jendeagatik ere".

Azaldu duenez, jada 500.000 euro ordaindu dizkiote Gizarte Segurantzari, beste 500.000 ordaindu beharko dituzte uztailaren 26an eta beste horrenbeste azaroan. Hala, "1,5 milioi euroko zor injustua" ordainduz amaituko dute urtea. Datorren urtean beste milioi bat euro ordaindu beharko dizkiote Gizarte Segurantzari.

Dena dela," milaka lagunen sostengua" jasotzen ari direla ere nabarmendu du. Ondo doala 10.000 harpidedun lortzeko kanpaina, eta horri esker aurre egingo diotela "bai ordainketa egutegiari, baina baita inbertsio planari ere", Gararen helburua proiektua etorkizunerako sendo uztea baita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kontzertuak Donostia Musika Gizartea Eguneko albisteak Kultura Eguneko albisteak