Gizartea -
Tiroketa
Ustez bi emakume hil ditu eta hirugarren bat zauritu du gizon batek Aranjuezen
Biktima biak erasotzailearen koinatak ziren, eta horietako baten ama da zauritutakoa. Dirudienez, familian izandako istilu batekin lotuta gertatu da hilketa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ustez bi emakume hil ditu eta hirugarren bat zauritu du gizon batek Aranjuezen, su arma batekin. Ustezko erasotzailea hainbat orduz etxebizitza baten barruan egon ostean atxilotu dute, Poliziak jakitera eman duenez.
Igandean, 22:00ak aldera, larrialdi zerbitzuek dei bat jaso zuten udalerri horretako Victoria Khami kalean jazotako eraso baten berri emateko.
Dirudienez, gizon batek etxebizitza batetik tiro egin zien hiru emakumeei, eta handik atera gabe geratu zen hainbat orduz. Tiro batek jota, 35 urteko emakume bat kalean bertan hil zen, eta bigarren biktima ospitalera eraman zuten, egoera larrian.
Zauritutako beste emakumea, berriz, bere kabuz joa zen Aranjuezko ospitalera, eta bertan artatu zuten. Ustezko erasotzailea, 38 urteko gizona, ordu batzuk geroago atxilotu zuten.
Lekukoen esanetan, familian izandako liskar batekin zerikusia izan lezake hilketak, baina hipotesia baino ez da oraindik.
Biktimak erasotzailearen koinatak ziren
Aranjuezko erasoan hildako bi emakumeak erasotzailearen koinatak ziren, ikerketako iturriek zehaztu dutenez. Esan bezala, badirudi familian gertatutako istilu batekin lotuta gertatu izana hilketa. Zauritutako emakumea biktimetako baten ama da.
Tiroketan, tentsio uneak izan ziren, hildakoetako baten senitartekoek erasotzaileari mehatxu eta agirika egin baitzioten. Ondorioz, Polizia Nazionala erasoa gertatu zen lekura bertaratu zen, istiluak baretze aldera.
_____________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.