Gizartea -

Epaiketa Donostian

57 urte, senarraren tratu txarrak jasaten

Gizonari urte eta 10 hilabeteko espetxe-zigorra ezarri diote. Zigortuak 80 urte baino gehiago ditu, eta sei urtez ezin izango da biktimarengana hurbildu.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bati urte eta hamar hilabeteko kartzela-zigorra ezarri diote, ezkondu zenetik (duela 57 urte) bere emazteari tratu txarrak emateagatik. Emakumearen aurkako "indarkeria psikologikoa eta fisikoa arrunki" erabili zuen. Aizkora batekin emaztea eta semea mehatxatu zituen behin.

Epaiketa Donostian egin dute. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatutako zigorrarekin konforme azaldu da akusatua. Ohiko tratu txarrak, irain bidegabeak eta mehatxuak leporatu dizkiote.

Era berean, sei urtez ezin izango da biktimarengana hurbildu, ezta harremanetan jarri ere. Zigortuak, biktimak bezala, 80 urte baino gehiago ditu.

Auziko iturriek jakitera eman dutenez, prozedura judizialean zehar bikotearen seme bat hil zen. Aitak tratu txarrak eman zizkion horri ere.

Fiskaltzaren arabera, ezkontzan zehar, auzipetuak emaztearen "borondatea makurrarazi" zuen "urdanga" eta "emagaldu" bezalako irainekin. Aldi berean, "asmatutako desleialtasun susmoek bultzatuta, ezkontzan izandako seme-alabak bereak ez zirela" esan zion biktimari.

"Garajean edo trastelekuan giltzaperatzen zuen; noizbait gaua igaro behar izan zuen bertan"

"Akusatuak, bikotekidearen gaineko kontrol eta menperatze egoera mantentzeko, garajean edo trastelekuan giltzaperatzen zuen; noizbait gaua igaro behar izan zuen bertan", azaldu du fiskalak dokumentuan.

Gainera, auzipetuak, "izu eta indarkeria giro hori mantentzeko helburuarekin, emazteari oihu egin, estutu, platerak bota, bultzatu edo gorpuko toki ezberdinetan kolpeak ematen zizkion".

Pasarte zehatz bat aipatzen du testuak. 2017ko abuztuaren 14an gertatu zen, 22:30 aldera, etxean. Emaztea "umiliatzeko asmoz", irain eta heriotza mehatxua egin zion, baita semeari ere; ondoren aizkora bat hartu eta sukaldera joan zen. Ama eta semearen aurrean arma altxatu zuen, biak "kikiltzeko xede argiarekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Gipuzkoa Delituak Epaiketak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa