Gizartea -
TRAFIKOA
A-15a itxita egongo da asteburuan, San Lorentzo-Larre tuneleko lanen ondorioz
Andoaingo noranzkoan, Berastegiko lotunetik aurrera egingo da itxita, eta Iruñeko noranzkoan, Andoaingo Sorabillako lotunetik aurrera.
EITB.EUS
A-15 autobia bi noranzkoetan itxiko dute asteburuan, San Lorentzo-Larre tunelean egin beharreko lanak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar bidez jakinarazi duenez.
Aurreikusitako lanak egin ahal izateko, A-15 errepidea itxiko dute 48 orduz: ekainaren 14ko 22:00etatik ekainaren 16ko 22:00etara. Andoaingo noranzkoan, Berastegiko lotunetik aurrera egingo da itxita, eta Iruñeko noranzkoan, Andoaingo Sorabillako lotunetik aurrera.
Mozketa horren ondorioz, gidariek beste bide batzuk erabili beharko dituzte. Nafarroatik Gipuzkoara joan nahi dutenei, hau egitea gomendatzen zaie: N-1 errepidea hartu Altsasuraino, aurretik Irurtzunen A-10 autobia hartuta (Sakanako autobia). Inguruko herrietara (Berastegi, Elduain eta Berrobi, besteak beste) joan nahi izanez gero, Berastegiko lotunean irten, eta GI-2130 errepidetik (Tolosa-Leitza) joan.
Gipuzkoatik Nafarroara doazenek, ostera, N-1 errepidetik joan beharko dute Altsasuraino, eta, ondoren, A-10 autobidetik (Sakanako autobia) Irurtzuneraino. Lekunberrira edo Leitzara doazenek, berriz, GI-2135 errepidea (Tolosa-Lekunberri) erabili ahal izango dute, Tolosatik abiatuta.
Igandea gauean bypass bat zabalduko dute Iruñeko noranzkoan. San Lorentzo-Larre tunela, Donostiarako noranzkoan, lau hilabetez izango da itxita.
Lanak egiteko, lau hilabeteko epea eta 6 milioi euro inguruko aurrekontua izango dute.