Gizartea -

Indarkeria matxista

Majarenasen alabaren erasotzaileak aske jarraituko du ahozko epaiketa hasi bitartean

2017an umea sastakatu zuen gizonak, Izarren aitak, espetxean behin behinean eman daitezkeen bi urteak bete ditu, eta epaiketaren zain dago.

Sara Majarenas eta Izar alaba. Argazkia: EiTB.
Sara Majarenas eta Izar alaba
Sara Majarenas eta Izar alaba. Argazkia: EiTB.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izarren aitak aske jarraituko du Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatutako behin-behieko espetxealdia ukatu baitu Valentziako Auzitegiak. Sara Majarenas ETAko preso ohiaren alaba da Izar. 2017ko urtarrilean, sastakatu egin zuen aitak, Benifalon (Valentzia), haurrak bi urte zituenean. Epaiketaren zain dago.

Zaintzapeko askatasunean dago akusatua, otsailaren 15etik. Egun horretan, Picassenteko 2. Instrukzio Auzitegiak espetxetik aterarazi zuen, legeak ezartzen dituen behin behineko espetxealdian eman daitezkeen bi urteak bete zituelako.

Ministerio Publikoak eta Aiert Larrarte Majarenasen abokatuak espetxera sartzeko eskaera egin zuten Valentziako Auzitegian, ahozko epaiketa hasi bitartean akusatuaren egoera zein izango den erabakitzeko bistan.

Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren ustez, akusatua ihes egiteko arrisku handia dago, atzerritarra delako eta Espainian sustraitzerik ez duelako.

Valentziako Auzitegiko Lehen Atalak, ordea, aske utzi zutenetik ihes egiteko arriskua "handitu ez dela" uste du. Halaber, ezarritako kautelazko neurri guztiak bete dituela esan du Auzitegiak bere autoan.

Ezarritako kautelazko neurri horien artean, esaterako, EAEra hurbiltzeko edo egoteko debekua, kaltetuak Donostian bizi direlako, eta 500 metro baino gutxiagora hurbiltzen denean alerta bat igortzen duen eskumuturreko telematiko bat eramateko beharra dauka.

Aiert Larrarte akusazio partikularreko abokatuak EFE albiste agentziari jakinarazi dionez, autoren aurka errekurtsoa aurkezteko aukera dago Valentziako Justizia Auzitegi Gorenean, baina helegitea jartzen ote duten aztertzen ari direla azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Presoak ETA Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak