Gizartea -

Nafarroa

Legez kanpoko albaitaritza klinika bat desegin dute Ultzaman

Garbitasun gabeziak eta higiene eta osasun neurri urriak zituela egiaztatu dute bertan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilak baimenik gabe eta higiene eta osasun neurri “ia batere gabe” ebakuntzak egiten zituen legez kanpoko albaitaritza klinika bat desegin du Ultzaman. Komunikatu batean adierazi duenez, Olagueko Guardia Zibilaren kuartel-etxeko agenteek susmoa zuten Ultzama aldean horrelakoak egiten zirela, eta, hori dela eta, ikerketa abiatu zuten erantzuleak harrapatu eta ebakuntzak egiteko erabiltzen zuten tokia aurkitzeko.

Ikerketan zehar, agenteek pertsona bat ezustean harrapatu dute industria-nabe batean txakur bati ebakuntza egiten.

Ebakuntzak egiteko beharrezkoak diren gutxieneko garbitasun neurriak ez zituztela betetzen eta higiene eta osasun neurri “ia batere gabe” ari zirela baieztatu dute bertan; gai kimiko ugari zituzten biltegiratuta, makineria industriala, ibilgailuak eta karraskarien gorozkiak.

Gainera, horien arabera, inplikatutako pertsonek ez zuten hondakin sanitario eta patogenoak kudeatu, tratatu eta gordetzeko beharrezko baimenik. Horren harian, produktu horiek manipulatu, sailkatu, biltegiratu eta jasotzeko neurrien segurtasun falta nabarmendu dute.

Horrelako gertaerek praxi txarra erakusten dute, inplikatuetako batek albaitari titulua izan arren, albaitaritza tratamenduak eta ebakuntza kirurgikoak egin baitituzte horrelakoak egiteko baimenik edo lizentziarik izan gabe.

Guardia Zibilak azpimarratu duenez, horrek sektore horretan ari diren guztiei egiten die kalte, eta arriskuan jartzen ditu animaliak.

Atzemandako irregulartasunak horien eskumena duten agintarien aurrean salatu dituzte jada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Animaliak