Gizartea -
Indarkeria matxista
Emakume batek sexu-abusuak salatu ditu Lasarte-Orian
Udalak erasoa gaitzetsi du. Herriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, 18:30ean, Okendo plazan.
Agentziak | Erredakzioa
Emakume batek sexu-abusuak salatu ditu Lasarte-Orian (Gipuzkoa). Biktimak salaketa aurkeztu du dagoeneko, eta Ertzaintza ikertzen ari da, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Udalak gertakaria gaitzetsi du. Erasoa ostegunean gertatu zen, 06:00ak aldera, Hipodromo Etorbidean.
Udalak azaldu duenez, biktima Eusko Treneko geltokitik gertu zegoen, gizon batek ezustean harrapatu eta eraso egin zionean. Baimenik gabe "ukituak" egin zizkion.
Udalak adierazpen instituzionala onartu du, emakumeari babesa adierazteko. Era berean, Gizarte Zerbitzu, Berdintasun, Kooperazio eta Osasun arloko "baliabideak" eskaini dizkio.
"Emakumeen aurkako edozein indarkeria mota –fisikoa, psikologikoa, ekonomikoa, sexuala– bortxaketa eta oinarrizko giza eskubideen urraketa da", esan du Udalak.
"Indarkeria matxistak gure gizartean lekurik ez izatea ez da bakarrik erakunde publikoen lana, herritar guztiena baizik", nabarmendu du Udalak. Herriko mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako, 18:30ean, Okendo plazan. Udalak protestarekin bat egin du.