Gizartea -
BIZKAIA
Atxilotzeko nazioarteko agindua zuten hiru pertsona atzeman dituzte Bilbon
Moldaviak, Errumaniak eta Erresuma Batuak horiek atxilotzeko eskatu zuten, besteak beste, iruzurragatik, ordena publikoaren eta estatu segurtasunaren aurkako delituagatik eta bortxaketagatik.
EITB.EUS
Espainiako Poliziak atxilotzeko nazioarteko agindua zuten hiru pertsona atzeman ditu Bilbon. Moldaviako, Errumaniako eta Erresuma Batuko agintariak hiru gizonezko horien bila ari ziren, hainbat deliturengatik: iruzurra, ordena publikoaren eta estatu segurtasunaren aurkako delitua eta bortxaketa.
Atxilotuetako bat moldaviarra da eta herrialde hartako agintariek berau atxilotzeko agindua emana zuten, iruzur delitu batengatik.
Bigarren atxilotua gizon errumaniar bat da. Errumaniak ordena publikoaren eta segurtasunaren aurkako delituak leporatzen dizkio.
Azkenik, hirugarren atxilotua magrebtarra da izatez, baina Erresuma Batuak eman du haren aurkako atxilotze agindua, bortxaketagatik.
Atxilotu guztiak epaitegien esku utzi dituzte.