Gizartea -
Txosten bereziaren aurkezpena
Arrisku egoeran dauden adingabeak 'arin' artatzea eskatu du Arartekoak
Iñigo Lamarcaren hitzetan, Administrazioek "eraginkortasun handiagoa" behar dute, arrisku egoeran dauden haurrak babesterako orduan "zerbitzuen eta erakundeen arteko koordinazio arazoak daudelako".
Erredakzioa
Iñigo Lamarca arartekoak baieztatu duenez, Administrazioek "arintasun eta eraginkortasun" handiagoa lortu behar dute, arrisku egoeretan dauden haurren eta nerabeen kasuei aurre egiteko erantzun egokia eman ahal izateko. Arartekoak zehaztu duenez, arrisku egoerak gurasoen nahiz irakasleen kontrako indarkeriarekin eta eskola jazarpenarekin lotutako kasuak dira, esaterako, egoera horiek. Lamarcaren arabera, Administrazioen eta erakundeen erantzuna ez da "nahikoa” izaten ari.
Lamarcak ''Arrisku egoera berezietan dauden adingabeak'' izenburuko txosten berezia aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Arartekoak haurrei buruz egindako txosten berezi guztiak bildu dituzte bertan.
Administrazioen gabezien artean, "zerbitzuen eta erakundeen arteko koordinazio arazoak" aipatu ditu Lamarcak, baita bakoitzaren erantzukizuna zehazteko "araudi falta nahiz eskasia" ere. Gainera, "adingabeak artatzeko erabili diren elementuen ebaluazio publikoa egiteko" baliabiderik eta antolakuntzarik ez dagoela azpimarratu du Arartekoak.
Halaber, prebentzioa eta arazoen detekzioa "gehiago landu" behar direla eta "bazterketa soziala saihesteko ahalegin berezia" egin behar dela gaineratu du Arartekoak, bereziki ijitoen seme-alaben kasuetan nahiz guraso homosexualak edo transexualak dituztenen kasuetan.
Euskadin arrisku egoeretan dauden adingabeen kopuru finkorik ez du eman Lamarcak baina zehaztu duenez, 2.000 adingabe inguru izan dira erakundeen babes zerbitzuetan; atzerritik datozen beste 1.000 adingabe igaro dira abegi-zentroetatik; eta ia 10.000 haur nahiz nerabe artatu dituzte, jarrerekin nahiz buruko osasunarekin lotutako arazoengatik.