Gizartea -
Uda
Tenperaturek nabarmen egingo dute gora larunbat honetatik aurrera
Aire masa bero eta lehor bat Euskadira helduko da Afrikako iparraldetik, eta bospasei egun emango ditu gurean.
Agentziak | Erredakzioa
Euskalmet euskal meteorologia agentziak iragarri duenez, tenperaturek nabarmen egingo dute gora Euskadin, larunbat honetatik ostiralera (ekainak 28) bitartean. Maximoak 30 eta 35 graduren bueltan ibiliko dira barnealdean.
Euskalmetek azaldu duenez, depresio bat dago Portugalgo mendebaldean eta antizikloi bat Europako erdialdean eta ekialdean. Bi fenomenoek aire masa bero eta lehor bat bultzatuko dute, eta Afrikako iparraldetik Euskadira helduko da. Bospasei egun emango ditu gure artean.
Tenperatura altuak batez ere barnealdean espero dira. Aurreneko egunetan, itsasertzeko haize gozoak tenperaturen gorakada leunduko du kostaldean. Hala ere, hezetasunaren ondorioz sargori egingo du.
Barnealdean 30 gradu espero dira larunbat honetan; kostaldean, aldiz, 25 inguru.
Igandean, astelehenean eta asteartean, egunez tenperaturek gora egingo dute. Barnealdean 30-35 gradu izango dira, eta 25 kostaldean. Asteazkenetik aurrera tenperaturek beste koska bat egingo dute gora, eta barnealdean 35 graduak gainditu ditzakete.
Minimoak 15 gradukoak izango dira barnealdean, eta 18koak kostaldean.