Gizartea -
Arguedas
Bi tigrekume zuri jaio dira Nafarroako Sendaviva parkean
Bi kumeei izena jartzeko laguntza eskatu du parkeak. 10 kilo inguruko arra eta emea dira. Espeziea galzorian dago.
Agentziak | Erredakzioa
Bi bizilagun berri daude Sendaviva parkean, Arguedasen (Nafarroa). Bi tigrekume zuri dira. Tigre zurien espeziea galzorian dago.
Parkeak esan duenez, felidoak apirilaren 15eko goizaldean jaio ziren. Arra eta emea dira, parkeko tigre zurien bikotearen seme-alabak: Chipi arra (4 urte eta erdi) eta Bandi emea (4 urte).
Sendavivak nabarmendu duenez, mota honetako tigreen jaiotza ez da oso ohikoa da gatibotasun egoeran, eta espezie horretako populazioa oso txikia da, munduan 300 ale besterik ez omen daudelako.
Uztailaren 29tik aurrera, larunbata, parkea bisitatzen dutenek tigrekumeak ikusi ahalko dituzte, baina momentuz pixkanaka gutxituko diren murrizketak izango dira. Gainera, Sendaviva laguntza eske dago tigreei izena jartzeko, eta horretarako lehiaketa hasiko du sare sozialen bitartez.
Tigrekume zuriak, Bandi amarekin. Argazkia: Sendaviva.
Kilo bateko pisuarekin jaio ziren biak. Gaur egun, arra 11 kilo ingurukoa da, eta emea, 9,5ekoa. Heldutasunean 230 kg pisatzera heldu daitezke.
Lehen egunetan ez ziren habiatik atera, beren mugikortasuna eta ikusmena urriak zirelako, baina hirugarren astetik aurrera jolasten hasi ziren, eta hilabete eta erdira kanpora irten ziren eta ingurua esploratzen hasi ziren, landarediarekin, soinuekin eta usainekin harremanetan sartuz.
Jaio zirenetik, bi kumeei azterketa sakonak egin dizkiete albaitariek. Elikadura ere kontuz zaintzen ari dira, egokia eta askotarikoa izan dadin.
Bi tigrekume zuriak. Argazkia: Sendaviva.