Gizartea -
Manifestazioak
Ostadar banderek kaleak hartu dituzte LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunean
Mila pertsona baino gehiagok manifestazioa egin dute Bilbon. Gasteizen, ia 500 bat pertsonak, horietako asko gazteak, manifestazioa egin dute hiriaren erdialdean.
Agentziak | Erredakzioa
Hiru manifestaziok ibilbidea egin dute Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiriburuetan, arratsaldean. LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izan da gaur. Kolektiboaren ostadar banderak kaleak hartu dituzte.
Mila pertsona baino gehiagok manifestazioa egin dute Bilbon. Mobilizazioa Jesusen Bihotzetik abiatu da 19:30 aldera, eta Kale Nagusitik ibilbidea egin du. Stonewallgo gertakariak gogorarazteko pankarta bat eraman dute, duela 50 urte New York mugimenduaren abiapuntua izan baitzen.
"Stonewall Mugarri. Kaleetan Harro!, La lucha sigue", zioen pankartak. PSE-EE, EH Bildu eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek manifestazioan parte hartu dute.
Manifestariek oihu egin dute aldarrikapenen defentsan: "transfobiari ez" edo "gure mundua ez da saltzen". Askok ostadar banderak eraman dituzte, edo kaparen gisa gorputza banderekin estali dute.
Beste batzuek pankartak etxetik eraman dituzte: "Ezin dutenengatik protesta egiten dugu".
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia, Patxi Lopez lehendakaria, Teresa Laespada Bizkaiko batzarkide sozialista eta Alfonso Gil Bilboko zinegotzia manifestazioan izan dira.
Era berean, Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak eta Arantza Urkaregi EH Bilduko batzarkideak parte hartu dute.
Gasteizen, ia 500 bat pertsonak, horietako asko gazteak, manifestazioa egin dute hiriaren erdialdean, Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuta.
Manifestari askok ostadar banderak eraman dituzte. Hemen ere 1969ko Stonewalleko matxinadak gogorarazi dituzte pankartan: "Kaletan Harro".
Beste manifestazio bat egin dute Donostiako kaleetan.
Iruñean ere mobilizazioak izan dira.