Gizartea -

Hezkuntza

Uriarte: Beken sistemaren aurkako Gorenaren epaia autogobernuaren kontrako erasoa da

Hezkuntza sailburua 'asaldatuta' azaldu da Gorenak erabakitakoarekin, eta Ministerioari lehenbailehen bilera eskatuko diotela iragarri du.

Cristina Uriarte, EFEren artxiboko argazki batean.
Cristina Uriarte
Cristina Uriarte, EFEren artxiboko argazki batean.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenak EAEko beken sistema baliogabe utzi zuen joan den astean. Epaiarekin "asaldatuta" agertu da gaur Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua; izan ere, horren ustez, "autogobernuaren kontrako erasoa" da, eta, hori dela eta, bilera eskatuko du lehenbailehen Hezkuntza Ministerioarekin.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Gorenaren erabakiarekin "kezkatuta" dagoela aitortu du sailburuak. Auzitegiak ebatzi zuenez, beken sistema "Espainiako lurraldeen arteko berdintasuna" bermatuz garatu behar da. Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) bere baremoa izateak "sistema paralelo bat" sortu du eta horrek lurraldearen araberako "alde handiak" eragiten ditu, horren ustez.

Aurrez EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epai bat (2016ko ekainekoa) berretsi zuen Gorenak joan den asteko ebazpenarekin. Epai hartan 2014-2015 ikasturteko beken araudiko hainbat artikulu baliogabetu zituzten, Estatuko gainerako erkidegoetan dirulaguntzak jasotzeko ezartzen zen gutxieneko errenta gainditzen zelako.

Bilera Ministerioarekin

Uriarteren iritzian, "30 urte baino gehiago daramatzagu Hezkuntza eskuduntza garatzen, eta gure beken sistemak familia askoren umeak eskolaratzen lagundu du. Gorenaren epai hori gure eskuduntzen kontrako eraso argia da".

Hori dela eta, gaia aztertzeko asmoz, Hezkuntza Ministerioarekin lehenbailehen bilera egitea eskatuko dutela iragarri du.

Hezkuntza sailburuak argitu duenez, epaiak EAEko beken sistemaren osotasunari eragiten dio, baina Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleei eragiten die gehien. Horren hitzetan, auzitegietako beste ebazpen batek unibertsitate bekak ere izan zituen jomuga. Jaurlaritza bi epai horien "ondorioak" aztertzen ari da orain. Uriartek iragarri duenez, bihar bertan unibertsitateko beken deialdia onartuko dute gobernu bileran, eta "moldaketa txikiak" egingo dituzte errekurtsoa saihesteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza