Gizartea -
Sanferminak
Iruñea Antitaurinak zezenketa gabeko sanferminak nahi ditu
Plataformak dioenez, Iruñeko peñak "zezenketekin bukatzeko faktore garrantzitsuena dira".
Agentziak | Erredakzioa
Iruñea Antitaurinak zezenketen aurkako kalejira antolatu du Iruñean uztailaren 7an. Mobilizazioa 19:00etan hasiko da, eta Udal plazatik Errekoleten plazara abiatuko da.
Kalejira Iruñeko zezen plazaren aurrean egindako prentsaurrekoan aurkeztu dute, baita desfilean zabalduko den pankarta ere.
Iban Agerri eta Luisa Vallejo plataformako ordezkariek "zezenketekin bukatzeko parte aktiboa" izatera deitu dituzte Iruñeko auzokideak, "animaliekiko tratu txarrik gabeko jaiak" ospatzeko helburuarekin.
Plataformak dioenez, Iruñeko peñak "zezenketekin bukatzeko faktore garrantzitsuena dira".
"Ez da bidezkoa gure jaietako zati bat animaliekiko tratu txarretan oinarritzea", adierazi du Iruñea Antitaurinak, eta ordezko aukerak bilatzera deitu du.
Peñak, zezenketekin bukatzeko 'aliatuak'
Iruñea Antitaurina harremanetan egon da Iruñeko peñekin, "aldaketaren oinarrizko faktoreetako bat" izan daitezen.
"Sanferminetako peñak faktore garrantzitsuena dira, zezenketetara doan jende gehienari ez baitzaio ikusten ari dena gustatzen", adierazi du Luisa Vallejok. Hori dela eta, "pixkanaka haietan izango ditugu honekin bukatzeko aliatuak", nabarmendu du.