Gizartea -

Mendizale desagertua

Rafa Castaños Pirinioetan bilatzen jarraitzea eskatu du elkarretaratze batek

300 bat pertsonak elkarretaratzea egin dute arratsaldean, Kabiezesen (Santurtziko auzoa), "Laguntza behar dugu!!" lelopean.

Elkarretaratzea Santurtzi (Bizkaia). EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Elkarretaratzea Santurtzi (Bizkaia).
Rafaelen bila jarraitzeko eskatu dute Santurtziko bizilagunek elkarretaratze batean

0:55

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rafael Castañosen senideek eta lagunek bilaketa lanak "bultzatzeko" eskatu diete Espainiako eta Frantziako agintariei. Familiaren hitzetan, mendizale bizkaitarraren erreskatea bukatutzat eman dute. Iragan larunbatean desagertu zen Pirinioetan.

300 bat pertsonak elkarretaratzea egin dute arratsaldean, Kabiezesen (Santurtziko auzoa), "Laguntza behar dugu!!" lelopean. Era berean, mendizale bizkaitarraren irudiarekin kartelak erakutsi dituzte protestan.

Juan Andrades familiako bozeramailearen hitzetan, Frantziako erreskate zerbitzuek senideei jakitera eman dietenez, "kasu hauetan aplika daitezkeen bilaketa protokoloak agortu dira", eta "erreskatea bukatutzat eman dute". "Prozesu judizialari bidea eman diote; Rafa desagertutzat jo dute", erantsi du.

"Frantziako erreskate taldeek bilaketaren ondoren eta zantzuak aztertuta duten hipotesi nagusia da gure Rafa zonalde malkartsuren batean erori dela", esan du Andradesek.

"Adierazpen ofizial honekin ez gara konformatuko, etxera ekarri nahi dugu", azpimarratu du bozeramaileak mendizalearen senideen eta lagunen izenean.

"Etxera ekarri nahi dugu"

Nahiz eta bilaketa "modu honetan itxi" nahi, ez dute etsiko, ohartarazi du. "Bizirik aurkitzea" espero dute, "oraindik denbora dagoelako", gaineratu du. "Mendian egun asko zauriturik eta galduta eman dituzten pertsonak" aurkitu izan dira, gogorarazi du.

Horregatik, Rafaren lagunak egiten ari diren esfortzuarekin bat egitea eskatu diete "erreskatean eta mendian eskarmentua" duten pertsonei, Rafa bilatzen jarraitzeko. Era berean, "Euskadiko, Espainiako eta Frantziako agintariei laguntzeko" eskatu diete.

Andradesek jakitera eman duenez, Rafaren lagun talde bat Frantziara joan da, eta bertan "lanean ari dira dagoeneko". Ostegun honetan beste talde bat abiatuko da, mendizalea "arriskurik hartu gabe" bilatzeko, "beste ezbeharren bat gertatzea nahiko genukeen azkena delako".

Rafa Castaños gizon "metodikoa, profesionala eta zorrotza da", ibilbideak beti "oso ondo prestatzen ditu" eta "eskarmentu handia du"; izan ere, 20 urte baino gehiago daramatza "mendiak igotzen eta jaisten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Santurtzi Frantzia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Desagertutako pertsonak Manifestazioak Mendiko istripuak Eskalada albisteak Zer gertatu da gaur Nafarroako Pirinioetan?