Gizartea -

Portugalete

Gizon bat atxilotu dute emazteari borra batekin eta labana batekin erasotzeagatik

Emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman behar izan zuten. Atxilotua (64 urte) gaur eramango dute epailearen aurrera.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak gizon bat atxilotu zuen atzo Portugaleten (Bizkaia) bikotekideari gomazko borra batekin buruan kolpeak emateagatik eta labana batekin eraso egiteagatik, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Eraso matxista atzoko 15:30 aldera jazo zen, Bizkaiko udalerriko etxebizitza batean. Erasoaren berri izan eta berehala bertaratu ziren agenteak. Biktima bizilagun baten etxean topatu zuten, erasotzailearengandik ihesi.

Odoleztatutako emakumeak azaldu zienez, erasotzaileak gomazko borra batekin kolpatu zuen buruan. Gerora aurkeztu zuen salaketan gaineratu zuenez, labana bat ere sartu zion lepoan.

Emakumea bertan artatu zuten, eta Gurutzetako Ospitalera eraman zuten ondoren, anbulantzian.

Atxilotua (64 urte) gaur eramango dute epailearen aurrera.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Ertzaintza Indarkeria matxista Portugalete Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa