Gizartea -
ELKANORI OMENALDIA
5.000 lagunek bisitatuko dituzte Elkanoren omenez Getariara heldutako ontziak
Hainbat ekintza izango dira gaur portuan. Bestalde, protesta ekintza egin du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak, eta manifestu kritiko bat argitaratu dute hainbat elkartek eta pertsona ezagunek.
Eitb.eus
Ehun bat ontzi iritsi ziren atzo Getaria, Juan Sebastian Elkano euskal itsasgizonaren jaioterrira, 'Elkanoren Zeruetza' programaren baitan. Ekimenaren helburua, orain 500 urte 'Victoria' nao ontzian munduari lehen itzulia ematea lortu zuten Elkanori eta harekin zihoazen 17 kideei omenaldia egitea da.
Atzo ikusmin handia sortu zuten ontziek eta gaur jendetza espero da Getarian, agortuta baitaude ontziak ikusteko sareratu dituzten 5.000 txartelak. 4.200 lagunek Espainiako Armadaren Juan Sebastian Elcano eskola-ontzia bisitatuko dute eta beste 800ek EHUko Saltillo, Lucretia eta Mater.
10:00etan hasi dira Elcano, hiru masta eta ehun metro baino gehiagoko luzera duen ontzia bisitatzen.
Gaurko egunez hitzaldiak, erakusketak, tailerrak, gastronomia ekintzak etab. ere izango dira portuan.
20:00etan amaituko dira ekitaldiak, Armadako ontzia irtetearekin batera. Bihar eta etzi Getxon izango da ikusgai.
Argazkia: Maria Agirre | Euskadi Irratia
Protestak eta kritikak
Omenaldiak kritika handiak sortu ditu euskal gizarteko hainbat sektoretan, baina. Batetik, "Elkanori Bira" herri ekimena sortu dute hainbat elkartek eta eragilek, Joan Sebastian "Elkanoren eta historia eurozentristaren inguruan hausnarketa bultzatzeko eta orain arte historiak isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko", hau da, "emakumeak, jatorrizko herriak eta inperialismoaren kalte zuzenak sufritu eta sufritzen dituztenak".
Ekimenarekin bat egin eta manifestua sinatu duten lehen ehun norbanakoen artean daude, besteak beste, Uxue Alberdi eta Miren Artetxe bertsolariak, Amelia Barquin eta Asier Blas EHUko irakasleak, Eñaut Elorrieta eta Patxi Saiz musikariak, Santiago Alba Rico filosofoa, June Fernandez eta Mikel Aramendi kazetariak, eta Kattalin Miner, Hedoi Etxarte, Iban Zaldua eta Joxemari Esparza idazleak, kazetari, historialari eta mugimendu feministako zein mugimendu internazionalistako hainbat lagunekin batera.
Ekimenarekin eta manifestuarekin bat egin duten talde, elkarte eta eragileei dagokienez, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa, Askapena, Komite Internazionalistak, LAB, ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz fundazioa, Euskadi-Cuba elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Getariako Eskubide Sozialen Karta eta Getariako Gazte Asanblada, KEM-MOC talde antimilitarista, Ongi Etorri Errefuxiatuak edota Mugarik Gabe gobernuz kanpoko erakundea ageri dira, hainbat herri eta eskualdetako talde feministekin eta beste hainbat eragilerekin batera
(Manifestuaren hainbat pasarte):
Espainiako Gobernuak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat erakunde publikok “gizon horien balentria” omentzeari ekin diote, datozen hiru urteetako ospakizunei hasiera emanda. Horretarako Elkano marka prestatu dute.
“Elcanorena, Espainiako Armadak inoiz egindako balentriarik handiena” dela diote Espainiatik, eta horren erakusgarri da armada jarri dutela Elkano omentzeko ekitaldien antolakuntzaren buru.
“Euskal izaeraren eta teknologiaren ikur” eta “gure herriaren enbaxadore” bilakatu nahi dute Elkano “Basque Country around the world” saltzeko. Gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera moldatu nahi dute historia. Eta horretarako dirutza publikoa inbertitu dute kontakizun ofiziala indartzeko, hainbat kultur adierazpenen bitartez: zinema, musika, telebista, antzerkia, kongresuak, kirola…
“Amerikako aurkikuntzaz eta kulturen arteko topaketaz” mintzo zen 1992ko mendeurrenarekin egin zutena ez dugu berriz gertatzea nahi. Are gutxiago Euskal Herriaren izenean. Joan Sebastian Elkano heroi gisa aurkezteak eta saltzeak, boterearekiko eta interes politikoekiko loturetatik aparte, gure historiaren jabe ez izatera zigortzen ditu herritarrak.
Gure burua ispilu aurrean paratuz, zer izan nahi dugun eta gainerako gizakiekin nolako harremana izan nahi dugun hausnartzea hobesten dugu. Testu hau sinatzen dugunok, hausnarketa kritiko eta publikoa eragin nahi dugu, bulego batzuetan aurrez diseinatutako marketin kanpainen eta lustre handiko ekitaldien distiratik kanpo.
Europar konkistatzaileek “aurkitutako” lurrak eta menperatu zituzten pertsonak ez dira abentura epikoak edertzeko apaingarriak. Historia eurozentristak urte luzez ahanzturara zigortutakoak lehen lerrora ekarri nahi ditugu: emakumeak, jatorrizko herriak eta inperialismoaren kalte zuzenak sufritu eta sufritzen dituztenak.
Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak, bere aldetik, hainbat protesta deitu ditu gaurko Getarian. "2022an, 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkanok munduari buelta eman ziola, itsas muga ezezagunak zabalduz. Gaur egun, 2019an, muga horiek itxi egiten dira, eta milaka eta milaka pertsona hiltzen uzten dira, askatasunez zirkulatzeko eskubidea, besterik ez, egikaritzen ari direnak. Europar Batasunak, Giza Eskubideei eta itsas salbamenduari buruzko Nazioarteko Lege eta Itun guztiak urratuz, kriminalizatu egiten ditu ontzi solidarioen bidez pertsona horien bizitzak salbatu nahi dituzten pertsonak·" salatu dute.
Protesta Getarian. Argazkia: Maria Agirre | Euskadi Irratia
11:00etan performance bat egin dute Malkorbe hondartzan eta 12:00etan kalejira bat egin dute hondartzatik Aldama parkera eta elkarretaratzea egin dute han.