Gizartea -

omenaldia

Ehun itsasontzi iritsi dira Getariara, Juan Sebastian Elkanori omenaldia egiteko

‘Elkanoren Zeruertza’ ekimenaren baitan jarduera ugari antolatu dituzte, besteak beste, ehun itsasontziko estropada, itsasontzi ospetsuak ikusteko doako bisitak eta adin guztientzako tailerrak.

'Juan Sebastian Elcano' Espainiako Armadaren eskola-ontzia. Argazkia: EiTB
'Juan Sebastian Elcano' Espainiako Armadaren eskola-ontzia. Argazkia: EiTB
'Juan Sebastian Elcano' Espainiako Armadaren eskola-ontzia. Argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Merkataritza, arrantza, armada eta kiroletako ehun bat ontzi irten dira larunbat goiz honetan Getxoko eta Hondarribiko portuetatik Getariara, Juan Sebastian Elkano euskal itsasgizonaren jaioterrira. Izan ere, asteburu honetan nabigazioaren sektoreko arreta gune nagusia izango da herria.

Milaka lagunek omenaldia egingo diete orain 500 urte 'Victoria' nao ontzian munduari lehen itzulia ematea lortu zuten Elkanori eta harekin zihoazen 17 kideei, antolatzaileek nabarmendu dutenez.

‘Elkanoren Zeruertza’ ekimenaren baitan jarduera ugari antolatu dituzte, besteak beste, ehun itsasontziko estropada eta itsas rally bat, itsasontzi ospetsuak ikusteko doako bisitak eta adin guztientzako tailerrak.

Une "ikusgarrienetako bat" Juan Sebastian Elkano Espainiako Armadaren eskola-ontzia Getariako portura iristen denean izango da, 20:00ak aldera. Ondoren, Getaria inguruko sukaldariek antolatutako afaria egongo da, Balentziaga Museoan, eta bertan banatuko dituzte estropadako sariak.

Ekimen honetan parte hartzen duten lau ontzi ospetsu hauek izango dira arreta gehien erakarriko dutenak: 'Juan Sebastian Elcano' Espainiako Armadaren eskola-ontzia, 'El Saltillo' EHUren eskola-ontzia, 'Lucretia' itsasontzia eta Getariako 'Mater' atun-ontzi zaharra (ur gaineko museoa bihurtuta). Horiek guztiak doan bisitatzeko aukera egongo da.

Igande honetan, nabigatzaileek Kofradian sinadurak idatzi eta gero, marinel meza izango da San Salvador elizan, Salbatore abesbatzarekin batera, eta Getariako nabigatzailaren monumentuaren aurrean lore-eskaintza egingo dute lau ontzidietako ordezkariek.

Halaber, bestelako ekitaldiak antolatu dituzte portuan: hitzaldiak, erakusketak, kultura eta heziketarekin lotutako tailerrak, tokiko elikagaiak dastatu eta horien inguruan hitz egiteko guneak, eta omenaldian parte hartzen duten itsasontzietara doako bisitak.

'Juan Sebastian Elcano' Espainiako Armadaren eskola-ontzia igande honetan bisitatu ahalko da Getarian eta uztailaren 8an eta 9an Getxon (Bizkaia). Bisitak doan izango dira, baina aurretik horizonteelcano.com web orrialdean eman beharko da izena.

Igandean amaituko dira ekitaldiak, 20:00etan, 'Juan Sebastian Elcano' Getariako portutik irteten denean. Aurretik, gainerako ontziek utziko dute herria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Getxo argazkiak Bizkaia Gipuzkoako albisteak Hondarribia albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Getaria Juan Sebastian Elkano