Gizartea -

UHOLDEAK NAFARROAN

Kaltetutako guneak hondamendi eremu izendatzeko lan egingo du Nafarroako Gobernuak

Hondamendi eremu izendatzeko eskaera egiteko galdegin die Uxue Barkosek uholdeek kaltetutako udalei. Halaber, AP-15 autobideko Imarkoaingo bidesaria doakoa izango da N-121 errepidea konpondu artean.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakaria. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakaria
Tafalla eta inguruko herriek hondamendi eremua izendatzea eskatu dute

1:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakariak hondamendi eremu izendatzeko eskaera lehenbailehen egiteko galdegin die uholdeek hondatutako udalei, Foru Gobernuak eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak udalerri kaltetuak hondamendi eremu izendatzeko izapideak egin ditzaten.

Gaur goizean, Uxue Barkos eta Foru Gobernuko beste hainbat kide uholdeek kaltetutako herrietako alkateekin batzartu dira Tafallako udaletxean, informazioa bertatik bertara jasotzeko eta lehen balorazio bat egiteko. "(Urak) kalte handiak eragin ditu inguruko herri askotako sarbideetan. Lehentasuna hori izango da, segurtasunarekin batera", azpimarratu du Barkosek.

Tafallako Udalak udalerria hondamendi eremu izendatzeko eskatu du gaur goizean egindako osoko bilkura berezian. Ildo horretan, lehenbailehen gauza bera egiteko eskatu die Barkosek gainerako herriei. Barkosek gaineratu duenez, Nafarroako Gobernuak era guztietako laguntza eskainiko die udalei eta herritarrei, aseguru etxeekin egin beharreko izapideak eta laguntzak ahalik eta epe laburrean bideratzeko.

Gobernu presidentearen esanetan, gaur-gaurkoz ezinezkoa da kalteen zenbaketa egitea, izan ere, "azpiegiturak, eraikinak, uztak edota lokal komertzialak daude tartean".

Azken orduetan zenbait tokitan argindarrarekin arazoak izan badituzte ere, dagoeneko zerbitzua berrezarri dutela baieztatu du Barkosek. Hala ere, ur- hornidura arazoak dituzte zenbait herritan. "Pitillas udalerriaren egoerak kezkatzen gaitu, bertan guk nahi baino mantsoago egiten ari baita behera ur-emaria", adierazi du Nafarroako Gobernuko lehendakariak.

Errepideei dagokionez, AP-15 autobideko Imarkoaingo bidesaria doakoa izango da, harik eta N-121 errepidea konpontzeko lanek irauten duten arte. Nafarroako Gobernuak aurreratu duenez, lanek 1-2 hilabete irautea espero da.

Bestalde, pertsona bat hil da Ezporogin, gidatzen ari zen autoa urak eramanda. Horren harira, doluminak helarazi dizkie Barkosek haren senideei.

Azkenik, Nafarroako larrialdi zerbitzuak, suhiltzaileak, Guardia Zibila eta udaltzainak zoriondu ditu "azken orduetan egindako lan nekaezinagatik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Uxue Barkos albisteak Gizartea Eguneko albisteak Tafalla albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua albisteak Uholdeak Erriberri albisteak Foruzaingoaren albisteak Ekaitzak gaur Sua amatatzeko lanen azken ordukoa