Gizartea -

Uholdeak

Kaltetutako herriak hondamendi eremutzat hartzea eskatuko du gaur Nafarroak

Gainera, gaur egingo duten ezohiko bileran, astelehenean gertatutako hondamendi naturalarekin lotutako beste zenbait neurri aztertu eta ikertuko dituzte.

N121 errepidea, Puiu parean. Argazkia: EFE
N121 errepidea, Puiu parean
N121 errepidea, Puiu parean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako jarduneko Gobernuak ezohiko bilera egingo du ostegun honetan, Uxue Barkosek zuzenduta, Espainiako Gobernuari eskatzeko uholdeengatik kaltetutako herriak hondamendi eremutzat har ditzala. Gainera, astelehenean gertatutako hondamendi naturalarekin lotutako beste zenbait neurri aztertu eta ikertuko dituzte.

Asteartean Nafarroako Gobernuak egin zuen batzarrean, bestalde, ordezkari guztiek adostu zuten kaltetutako herrietako udaletxeetan ezohiko bilerak egitea, Tafallak asteartean "hartutako bideari" jarraituz, alegia, hondamendi eremu izendatzeko prozesuan aurrera eginda.

Udal hitzarmen horiekin eta Gobernuak berak kalteen inguruan egindako balorazioarekin, Estatuko Administrazioan aurkeztuko dute hondamendi izendatzeko adierazpena, baita erakundeei, enpresei, nekazariei eta herritarrei eman beharreko kalte-ordainekin lotutako eskaria ere.

Hurrengo egunotan, beraz, 11/2009 Foru Legean onartutako neurrien ezarpena aztertuko du Gobernuak. Hain zuzen ere, uholdeengatik, haizeteengatik eta beste hondamendi natural batzuengatik kaltetutako pertsonen arretarako neurriak hartzen ditu lege horrek, Foru Gobernuak azaldu duenez.

Bestalde, Tafallako bilera bukatu zenean, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen aldi baterako Imarkoaingo bidesaria kenduko zutela AP-15 autobidean, N-121 errepidearen konponketa lanak bukatu arte, behintzat, horixe baita gaur-gaurkoz Iruñea eta Tafalla lotzen dituen bide bakarra. Leotzekin behin-behineko lotura zabaltzea ere aztertzen ari da Herri Lanak.

Azkenik, ondasun partikularren kasuan, Gobernuak aholkatu du kaltetutako lagunek aseguru-etxeetara deitzea, kontratatuta dituzten polizek zenbaterainoko estaldura duten jakiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Uxue Barkos Gizartea Eguneko albisteak Tafalla Hondamendi naturalak Albisteak Nafarroako Gobernua Uholdeak