Gizartea -

Sanferminak

Zezenek hartzen duten abiaduragatik protesta egin dute hainbat korrikalarik Iruñean

Oro har, orain arteko entzierro guztiak oso azkarrak izan dira, eta horri erantzun bat emate aldera, korrikalariek eserialdia egin dute, protesta gisa, gaurko lasterketa hasi orduko.

Korrikalariek protesta egin dute Iruñean. Argazkia: EFE
Korrikalariek protesta egin dute Iruñean
Korrikalariek protesta egin dute Iruñean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sanferminetako entzierroan parte hartu ohi duten hainbat korrikalarik eserialdia egin dute gaurko lasterketa hasi orduko, zezenek azkenaldian hartzen duten abiaduragatik protesta egiteko.

Lasterkari talde hori kexu agertu da entzierroetara entrenatuta iristen diren zezenek erritmo bizia daramatelako eta korrikaldian zehar babestuta doazelako.

Oro har, orain arteko entzierro guztiak oso azkarrak izan dira, eta horri erantzun bat emate aldera, korrikalariak lurrean eseri dira, protesta gisa, San Fermin kantua bukatu eta batera; hots, lasterketa hasi orduko.

Antza denez, azken urteotan zezenen irristaldiak murriztu egin dira, entzierroaren tarte batean, ez labaintzeko, produktu bat jartzen dutelako. Hori dela eta, zezenak taldean heltzen dira zezen-plazara.

Ostegun honetan egin dute, baina, aurtengo entzierro mantsoena. Zezen taldea luzatuta joan da, eta horrek hobeto kokatzeko eta lasterka egiteko aukera eman die korrikalariei. Korrikalari bat adarkadaz zauritu dute besoan eta beste bost osasun zentroetara eraman dituzte, kolpeekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea azken orduko berriak San Fermin jaiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak