Gizartea -
BIZKAIA
14 kilo hegalabur konfiskatu dituzte Bermeoko portuan, legez kanpo arrantzatzeagatik
Itsasontziko patroia ikertzen ari dira, flora, fauna eta etxeko animalien aurkako delitu baten ustezko egile gisa.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Guardia Zibilak 14,450 kilo hegalabur edo zimarroi konfiskatu zituen iragan ekainean Bermeoko portuan. Guztira, espezie horretako bost ale atzeman zizkioten itsasontzi profesional bati.
Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, Bermeon porturatutako itsasontzi batetik poltsa susmagarriak lehorreratzen ari zirela ikusi zuten agenteek. Hori dela eta, barruan zer zegoen egiaztatzera gerturatu ziren. Hilabete batzuk lehenago, arrantzako ikuskariek itsasontzi horren kontrako salaketa jarri zuten izurdeak harrapatzeagatik.
Poltsen barruan, 16 hegalabur zati aurkitu zituzten. Bertan topatutako isatsei esker, bost hegalabur zirela ondorioztatu zuten.
Atzemandako zatiak AZTI erakundearen esku utzi zituzten, probak egiteko.
Une oro, Guardia Zibila eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila elkarlanean aritu dira.
Gaur egun, itsasontziko patroia ikertzen ari dira, flora, fauna eta etxeko animalien aurkako delitu baten ustezko egile gisa.