Gizartea -
Osasuna
Meningitisaren aurkako txerto berria jartzea onartu du Nafarroako Gobernuak
Lau meningokokotik babestuko ditu umeak txerto berri horrek. 2019 eta 2022 artean, 12 eta 18 urte bitarteko 68.078 adingabe txertatuko dituzte Nafarroan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2,1 milioi euroko gastua onartu du asteazken honetako saioan Nafarroako Gobernuak, meningitisaren aurkako txertoaren 27.500 dosi erosteko. Txertoa 11 eta 12 urteko haurrei zuzendut dago.
Ana Ollo kontseilariak prentsaurreko batean adierazi du txerto berriak lau meningokokotik babestuko dituela umeak.
Hain zuzen ere, txertaketen Nafarroako batzorde teknikoak maiatzean egindako proposamen baten ondotik iritsi da onarpena. Horren helburua zen gaixotasun inbaditzaile horren maiztasuna murriztea.
Gainera, Ollok esan du txerto horri esker, 2002 eta 2007 artean jaio eta Nafarroan bizi diren gazteei zuzendutako "erreskate" immunizazioa gehituko dutela egutegira.
Horrela, meningokokoen aurkako C txertoarekin batera jaso dute dosia. Horrek esan nahi du lau urteko epean, 2019 eta 2022 artean, 12 eta 18 urte bitarteko 68.078 adingabe txertatuko dituztela Nafarroan.
"Erreskate" txerto horrekin, dagoeneko txertatuta dauden pertsonek meningitisik ez izatea lortu nahi dute, baina baita herritar guztiak babestea ere, gazteak eta helduak baitira eritasun hori eragiten duten bakterioen eramaile nagusiak.