Gizartea -
ISTRIPUA
11 urteko neska bat larri zauritu da Bermeon, motordun txalupa batek harrapatu ostean
Zauritutako haurra bertan artatu behar izan dute, eta gero, Gurutzetako Ospitalera eraman dute helikoptero batean. Pediatriako zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) dago.
Agentziak | Erredakzioa
Adin txikiko neska bat larri zauritu da Bermeoko portuan, gaur eguerdian, motordun txalupa batek harrapatuta. Zauritua 11 urteko neskato gernikarra da.
Segurtasun sailak esan duenez, haur talde bat uretako ekintzak egiten ari zen, istripua izan denean. Antza, pedaldun ontzi batetik erori da umea, eta uretan zegoela harrapatu du beste ontziak.
11:45 inguruan izan da istripua. Ertzaintzak ikerketa zabaldu du, gertatutakoa argitzeko.
Zauritutako haurra bertan artatu behar izan dute, eta gero, Gurutzetako Ospitalera eraman dute, Osakidetzak bidalitako helikoptero batean. Pediatriako zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) dago.
ETBk azaldu duenez, neskatoak zutik joateko eta pedalei eraginez dabilen uretako taula bat zeraman. Udalekuetan parte hartzen ari zen haur talde bat Bermeoko portuan zebilen uretako ekintzak burutzen. Ohikoa izaten omen da udan.
Oraindik ez dago argi, baina badirudi taldeko arduradun batek motordun txaluparen kontrola galdu duela eta neskatoa jo duela buruan.