Gizartea -
Auzitegi Gorena
Gasteizen haur bat hil zuen gizonari espetxe iraunkor berrikusgarria berretsi diote
Gizonak 17 hilabeteko umea leihotik behera bota zuen eta ondoren haren ama hiltzen saiatu zen. Gertakariak 2016ko urtarrilean jazo ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizen 17 hilabeteko haurra leihotik behera botata hiltzea egotzita, EAEko Justizia Auzitegiak espetxe iraunkor berrikusgarria ezarri zion gizon bati, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak zigorra berretsi du.
Umetxoa hil ostean, haren ama akabatzen saiatu zen. Hori dela eta, zazpi urte eta sei hilabeteko espetxealdia ezarri zioten. Zigor hori bera berretsi du Gorenak. Gertakariak 2016ko urtarrilaren 25ean jazo ziren.
Hirugarren aldia da Espainiako Estatuan auzipetu bati espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezartzen diotela. Hiru horietatik bi berretsi ditu Gorenak. Lehendabiziko zigorra, berriz, baliorik gabe utzi zuen prozeduran akats teknikoak antzeman eta gero.
Egun, Auzitegi Konstituzionala zigor mota hori bidezkoa den edo ez aztertzen ari da.