Gizartea -

Tragedia

Bi lurrikarek zortzi hildako utzi dituzte Lorcan (Murtzia)

Bizilagunak erreplika berri baten beldur dira eta hiriko parkeetan bildu dira. Beste batzuek hiritik alde egin dute eraikuntzen azpian izatea saihesteko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Murtziako Lorca herrian izandako bi lurrikararen ostean zortzi lagun hil direla baieztatu dute Rafael Gonzalez Tovar Espainiako Gobernuko ordezkariak Murtzian eta Manuel Campos Murtziako Justizia kontseilariak. Bigarren lurrikara hori 5,2 graduko izan da. Hildakoen artean adingabe bat dago, eta dozenaka lagun zauritu dira.

Aurretik, herriak 4,4 graduko astindu bat jasan du, baina ez da kalterik izan, adinekoen etxe bat hustu behar izan dute soilik. Bigarren lurrikaran, aldiz, kalte material ugari izan dira, Larrialdirako Koordinazio Zerbitzuen arabera.

Lehen lurrikara 17:00 aldera gertatu da eta Murtziako toki askotan nabaritu dute. Besteak beste, Cartagenan, Aguilasen, Murtzian, Mazarronen eta Albaceten, Jaenene eta Almerian.

Lurrikararen epizentroa Lorcatik lau kilometrora izan da, Francisco Jodar Lorcako alkateak jakinarazi duenez. Kalte material ugari izan dira alde zaharrean, hainbat eraikin erori dira, eta beste batzuk hustu behar izan dituzte.

Halaber, Rafael Mendez Ospitala hustu dute. 100 anbulantzia baino gehiagok zaurituak eramaten lan egin dute.

Zazpiak baino lehen bigarren lurrikara bat izan da, 5,2 gradukoa. Antza denez, kalteak eragin ditu hainbat eraikinetan, besteak beste, San Diegoko Elizako Kanpandorrean, teilatuetan eta Lorcako Gazteluan.

Lorcako Udalak larrialdirako plana abian jarri du lurrikara arriskua dela eta. Halaber, Murtziako Gobernuak Lurrikaren Larrialdietarako Planaren lehen maila abian jarri du.

Jendeak beldurtuta beste toki batzuetara alde egin du, eta Sevillako bidean A-7 autobidea gainezka egon da.

Bizilagunak erreplika berri baten beldur dira eta hiriko parkeetan bildu dira. Beste batzuek hiritik alde egin dute eraikuntzen azpian izatea saihesteko.

Laguntza

Gertuko hiriei laguntza eskatu die Francisco Jodar Lorcako alkateak, "jendea artatzeko ura, elikagaiak, mantak edo koltxonetak beharrezkoak direlako".

Larrieladietarako Unitate Militarreko 350 soldadu joan dira Lorcara, Defentsa Ministerioak jakitera eman duenez. Era berean, 210 guardia zibil, erreskate zakurrak eta bi helikoptero bertaratuko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea