Gizartea -
Eguraldia
Abisu horia EAEn eta alerta laranja Nafarroan, tenperatura altuengatik
Gaurtik aurrera, muturreko tenperatura altuak espero dira. 36 ºC-koak izango omen dira maximoak, eta bero gehiago egingo du asteartean.
Agentziak | Erredakzioa
Gaurtik aurrera eta datozen egunetan, muturreko tenperatura altuak espero dira. Gaur, astelehena, 36 ºC ingurukoak izango dira maximoak, eta, asteartean, bero gehiago egingo du; 38 ºC-ra hel daitezke maximoak. Gauean, tenperaturak berdintsu jarraituko du, baina baliteke "gau tropikalak" deiturikoak izatea.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horiak ezarri ditu astelehenerako eta astearterako Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), muturreko tenperatura altuak direla eta. Gainera, litekeena da eguraldiak aldaketarik gabe jarraitzea asteazkenean eta ostegunean.
Astelehenean, tenperatura maximoak nabarmen igoko dira, eta bero handia egingo du; Bizkaian eta Gipuzkoan, barnealdean, 35 ºC baino gehiago izango dira, eta 36 ºC-ren bueltan ibiliko dira Araban. Barnealdean hego-ekialdeko haize leuna ibiliko da, eta kostaldean, aldiz, ipar-ekialdekoa izango da nagusi. Horrek beroa zertxobait arinduko du kostaldean, eta maximoak 30 ºC ingurukoak izango dira.
Goizean zehar, hodei-guneak desegiten joango dira, eta giro eguzkitsua gailenduko da eguerdirako denean. Arratsalde amaierarako, bero-hodeiak garatuko dira barnealdean, eta baliteke lekuren batean ekaitzak jotzea. Hala ere, gauean minimoak ez dira 19 ºC-tik jaitsiko kostaldean; 17 ºC espero dira Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban, eta 18 ºC, Arabako Errioxan.
Asteartean, hego haizeak indarra hartuko du, tenperatura maximoak are altuagoak izango dira, eta 35-40 ºC artean kokatuko dira barnealdean. Euskalmetek iragarri duenez, maximoak 32 ºC-ren bueltan kokatuko dira kostaldean, baina 38 ºC harrapatuko dituzte termometroek Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 37 ºC, Araban. Goizean, zerua garbi agertuko da, bero-laino batzuk garatuko dira arratsaldean, eta baliteke barnealdeko lekuren batean ekaitzak jotzea eta zaparrada trumoitsuren bat botatzea.
Arratsaldean zehar, isurialde atlantikoan, kostaldetik hasita, haizeak ipar-mendebaldera egingo du, itsasertzean bolada gogorrekin, eta beroa zertxobait arinduko du. Horrela, Euskadik gau tropikal berri bat izango du kostaldean, 20 ºC-ko minimoekin, eta 18 ºC Bizkaian, Gipuzkoan eta Arabako Errioxan, eta 17 ºC Araban.
Alerta laranja, Nafarroan
Nafarroan, astelehenean zein asteartean, alerta laranja izango da indarrean, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak jakinarazi duenez.
Astelehenean, termometroak nabarmen igoko dira, eta 36 ºC-ra iritsiko dira Pirinio aldean, eta 40 ºC-ra, Nafarroa erdialdean eta hegoaldean. Joera horrek ostegunera arte iraungo du, tenperatura jaisten hasiko baita orduan.